AINHOA
LARREA
AINHOA LARREA
Argiztapen komertzial teknikoa
K O N T A K T U – D A T U A K
Mugitegi Industriagunea C bidea 18, 20700 Urretxu
Telefonoa:676 16 60 99
Instagram: ainhoa_larrea
Ainhoa Larreari ikaragarri gustatzen zaio argiztapena. Urte asko eman ditu Zumarragako Argiki argiztapen dendan lanean, eta duela lau urte bere bidea hasi zuen komertzial gisa. Fabrikatzaileekin egiten du lan zuzenean eta euren produktuak eskaintzen dizkie banatzaileei. Baina arkitektoekin ere aritzen da lanean “barne diseinuaz gain argiztapena arkitektura diseinuan ere erabiltzen da. Argiak garrantzi handia du inguruneaz dugun pertzepzioan eta ingurunearekin dugun erlazioan”. Argia, espazioa ikusteko gure modua aldatzeko gai dela uste du Larreak. Argiztapenaren mundua lanparen diseinu soila baina gehiago dela azpimarratzen du, argiari eman dakioken erabilera dela uste baitu.
Zer dela eta hartu zenuen ekiteko erabakia?
Argiki argiztapen dendan 23 urte eman nituen lanean. Dendan saltzen ibiltzeaz gain kontabilitateaz ere arduratzen nintzen. Pentsa, lanean hasi nintzenean nire ametsa aholkularitza bulego batean lan egitea zen. Nere belaunaldiko kontua izan daiteke agian, baina dirua irabazten hastea zen lehentasuna, gustoko lana zen edo ez kontutan hartu gabe. Orain konturatzen naiz kontabilitatea ez zaidala batere gustatzen (barre egiten du).
Dendan oso gustora ibili naiz, asko disfrutatu dut. Argiztapenaren mundua biziki gustatzen zait. Baina iritsi zen momentu bat eta konturatu nintzen dendak zegoeneko ez ninduela betetzen, eta beste bide bat hasi behar nuela.
Nik orduan banaketan egiten nuen lan eta somatzen nuen argiztapen etxeen aldetik, fabrikatzaileen aldetik alegia, guri saltzeko garaian gabeziak zeudela. Batez ere azoketara joaten nintzenean gauzak beste modu batera egin zitezkeela argi ikusten nuen. Eta halaxe ekin nuen. Orain komertziala naiz, argiztapen etxeekin egiten dut lan zuzenean, eta banatzaileei saltzen dizkiet produktuak (dendei).
Sei etxerekin egiten dut lan: B.lux, Louis Poulsen, Dcw Editions, Arturo Alvarez, Weve & Ducré eta Milan.
Beti mirestu izan ditudan argiztapen etxeekin egiten dut lan, nire amets onenean ere ez nukeen halakorik imajinatuko. Jende interesgarri asko ezagutzen ari naiz eta asko ikasten ari naiz.
Gogo eta ilusio handiz ari naiz lanean, izugarri gustatzen zait egiten dudana eta hori oso handia da.
Nolakoa izan zen zure ibilbidearen hasiera?
Duela 4 urte ekin nuen. Zergatik ez probatu, ezta? Eta egia esan, beldurrik gabe jokatzen dut. Nire abentura ondo ateratzen bada, oso ondo, eta ateratzen ez bada, ba besterik gabe. Bidea bera ikasketa prozesu bat dela iruditzen zait, eta hori iada aberasgarria da.
Apostua egin nuen benetan egin nahi nuelako. Pasioz bizi dut nire ofizioa. Pentsa, hasi nintzenean nire ingelesa ez zen batere ona (barre egiten du). Eta hala ere, bilera nahiz formazioetan hartu izan dut parte eta ez nintzen atzean geratzen (barre egiten du berriro ere).
Hala ere, esan beharra daukat ekiteko erabakia hartzea ez dela erraza izan. Duela zazpi urte ere banerabilen ideia buruan baina ingurukoek zorotzat hartu ninduten. “Nola egingo duzu hori?” “Zauden lekuan ondo zaude”. Eta atzera egin nuen.
Duela 4 urte, ordea, fabrikatzaile batek komertzial beharra zuela esan zidan eta orduan sentitu nuen momentua iritsi zela.
Uste dut ekintzaile bakoitzari bere momentua iristen zaiola. Ekitea jarrera kontu bat dela uste baitut, izakera kontua. Hori bai, aurretik egin dudan guztiak asko balio izan dit. Oinarria izan dela esango nuke. Nere kasuan behintzat, ekiteko esperientzia ezinbestekoa izan dela iruditzen zait.
Erabakia hartu nuenean UGGASAra jo nuen. Han bideragarritasun plana egiten lagundu zidaten eta SORTZEN Enpresagunean nere kokalekua jartzeko aukera eskaini zidaten. Gaur egun ere, bidaiatzen ez nagoenean han egiten dut lan, Cowork-ean. Cowork-a lanerako espazio partekatua da. Bertan lankidetza-espiritua sustatuz coworkerrek ideiak truka ditzakegu. Egoera ezin hobea ematen da sinergiak sortzeko eta hazkunde profesionalean babesa sentiarazteko. Esan beharra daukat neri Cowork-ak asko balio izan didala, eta oraindik ere balio didala. Oso espazio baliotsua dela deritzot. Gure artean asko lagundu izan diogu elkarri eta hori oso aberasgarria da. Eta pozgarria.
Zein da zure lana?
Nik zuzenean fabrikatzaileekin egiten dut lan eta produktuak banatzaileei saltzeaz gain (dendei, alegia) arkitektoekin ere aritzen naiz.
Komertzial gisa, abantailaz jokatzen dudala iruditzen zait, izan ere, nik ezagutzen dut beste aldeko lana, hau da, banaketaren aldekoa. Urte asko eman ditut banatzaile gisa lanean eta ezagutzen ditut beharrak, hutsuneak, ezagutzen dut euren arteko lehia zein den, badakit ze arreta mota eskertzen duten, nola tratatzea nahi duten, etab. Beraz, badakit zer eta nola eskaini eta horrek nere alde jokatzen du.
Asko bidaiatzen dut. Ekoizle asko atzerritarrak dira eta gainera formazio asko ere kanpoan jasotzen dut. Asko disfrutatzen dut bidaiatzen, jendea ezagutzen, jendearekin gauzak konpartitzen. Beste norbaitentzako agian ez da hain gauza ona izango, baina nik gozatu egiten dut. Jende asko ezagutzeko aukera eman dit eta baita jendearengandik asko ikasteko ere.
Argiztapena ikaragarri gustazten zait. Argiztapenaren mundua ez da lanparen diseinu soila, argiari eman dakioken erabilera baizik.
Argiztapena dekorazioaren zati garrantzitsua da. Hau aldatzeak edozein gelaren itxura orokorra alda dezake. Argiak jartzeko moduak asko laguntzen dio irudiari eta girotzeari.
Argiztapen onak aukera emango digu gure ingurunearen ezaugarri garrantzitsuenak indartzeko edo nabarmendu nahi ditugun eremuetara begirada bideratzeko. Erabilitako tonuen arabera, espazio edo eremu bati ere berotasun handiagoa edo txikiagoa emango diogu. Esan dezakegu argiztapena dela dekorazio on ororen ardatz nagusia.
Baina lehen esan bezala, barne diseinuaz gain argiztapena arkitektura diseinuan ere erabiltzen da. Argiak garrantzi handia du inguruneaz dugun pertzepzioan eta ingurunearekin dugun erlazioan. Espazioa ikusteko gure modua aldatzeko gai da.
Arkitektoekin ere egiten dut lan. Nere lanaren alde sortzaileena da hau eta gogobetetasun handiena ematen didana agian. Ideien fasean parte hartzen dut, proiektuak ere proposatu izan ditut eta ateratzen direnean oso pozgarria izaten da.
Gaur egun, argiztapenak giroak apaintzeko eta sortzeko oinarrizko printzipiotzat hartzeko joerak, aurrerapauso handiak eman dituela uste dut eta hainbat arlotan ezarri da, hala nola eraikuntzan, paisajismoan eta hirien diseinuan eta plangintzan. Hala ere, arkitektura-diseinuaren eta barne-diseinuaren arloan espezializatu da gehien, eta hemen izaten du onespen handien.
Argiak giroa sortzen du jendea ondo senti dadin, bai barnealdean nahiz kanpoaldean. Argiak eta argiaren formak espazioa sortzen dutela uste dut, eta lanparek, definitzen duten espazioan bere lekua aurkitu beharko luketela iruditzen zait, modu soil batean, zeharka, leun eta eroso egokituta.
Zein da ekintzaie bezala egiten duzun balantzea?
Balantzea ona da. Oso pozik nago. Ondo doakit. Fabrikatzaile batekin lan egiteko aukera suertatu zait baina momentuz nere kabuz jarraitu nahi dut. Gustura nago horrela. Aske naizela sentitzen dut orain, hegoak banitu bezela.
Jende askorekin lan egiteko aukera daukat eta oso aberasgarria da. Harremanak asko baloratzen ditut. Jende mota asko ezagutu dut.
Baina dena ez da arroxa kolorekoa. Sarritan bertigoa ere sentitzen dut. Lan asko batera pilatzen zaidanean, edo nere burua larri ikusten dudanean. Orain ikasten ari naiz noiz behinka geldiunea egin, eta gauzak birplanteatu egin behar direla. Baina hori ekinaren ekinez ikasten da eta momentu zailak ere bizi izan ditut.
Zer eman dizu ekiteak?
Ekiteak nere bizitza bizitzeko beste era bat eman dit. Ekitea gauzak ezberdin egiteko aitzakia ere bada, ezta?
Proiektu profesionala ez ezik, bizi proiektua ere badela uste dut. Ikasketa prozesu bat da, zure burua ezagutzeko balio duena. Niregatik egin dut baina zeharka, inguruan daudenentzako ere ikasketa prozesu bat izan dela iruditzen zait. Nere semeei lan egiteko modu ezberdinak badaudela erakutsi diedala uste dut. Eta dituzun ametsen atzetik aurrera egin behar dela ikusi dute, eta bidea gorabeheratsua den arren saiatu egin behar dela bat. Etxean nik ez ezik, senarrak ere irakasgai ederra eman diela uste dut, berak ere bere lan ibilbidean aldaketak egin baititu, eta alde horretatik harro sentitzeko moduan gaudela iruditzen zait.
Behin hasita eta martxa hartuta, ordea, ez dira lanak bukatzen. Ilusioa eta indarra jarri behar duzu zure aldetik, bestela bide hil batean geratzeko arriskua egon daiteke eta.
Ni orain ondo nago. Baina ez dut despistatu nahi. Nire erronka nagusia honela jarraitzea da. Proiektua bizirik mantendu nahiko nuke. Pilak kargatuta beti. Hori dauka ona ekintzailetzak, aktibatuta egotea behartzen zaituela.
Egia da gauza komertzialagoak saldu nitzakeela, baina hau da neri gustatzen zaidana. Orain gainera haurrak hazi direla bidaiatzeko askatasun handiagoa daukat eta oraindik gauza asko dauzkat ikasteko.
Diru asko irabazi nahi baduzu agian ekitea ez da bide onena izango (barre egiten du) baina norberak dituen helburuen arabera da hori. Nik profesionalki eta pertsonalki haztea hobesten dut, dirua irabazi behar dela ahaztu gabe, noski.
Errusiar mendi bat da, baina gauza onak beti konpentsatzen dutela uste dut, nire kasuan hala izan da behintzat.
Zer esango zenioke ekiteko puntuan dagoen bati?
Saiakera egin dezala. Ekitea ez da erraza. Batzuetan errazagoa izan daiteke agian. Zenbait faktoreren araberakoa dela uste dut. Adina, zure egoera pertsonala, ze behar dituzun (etxea, haurrak…) Nik uste halakorik ematen bada segurtasun ekonomikoa behar dela, eta segurtasun emozionala ere bai.
Gaztea bazara gauzak aldatzen dira, nolabait askeagoa zara ekin ahal izateko, ezta?
Edonola ere, ausardia eduki behar da, beldurrik ez. Gaizki atera daitekeela beti presente izan behar da. Eta hori eramaten ez da erraza. Azken finean, nork bere beldurrei aurre egin behar die.
Gaitasuna eduki behar da, balio behar da. Eta batez ere sektorea ondo menperatu. Nire kasuan horrela izan da, sektorea oso ondo ezagutzen nuen. Baina zerotik hasi nintzen. Jendeak ez baininduen ezagutzen. Hala ere, oso argi neukan zer nahi nuen. Hori garrantzitsua dela iruditzen zait.
Eta lehen esan dudan bezala, uste dut ekintzaile izateko oso garrantzitsua dela kudeatzen jakitea, indarrak non jarri, zerk merezi duen eta zerk ez bereizten jakin behar da. Azken finean ez baita ahaztu behar, dirua irabazi behar dela, negozioa egin behar dela. Eta ez da erraza izaten, ikasi egin behar da.
Bestalde, mugak jartzen ere jakin behar da. Nork bere bizitzarako espazioa bilatu behar du, mugak jarri behar ditu. Bestela lanak jan egiten zaitu. Eta hori da zailena.
Baina ekiteko puntuan dagoen horri erronkak gustatzen bazaizkio saiakera egiteko esango nioke. Ekintzaile izatea izakera kontua ere bada, ezta?
Eskerrik asko Ainhoa zure lanarekin Urola Garaia garatzen laguntzen duzulako.