Ekintzailetza. Urola Garaia Sortzen

ANE
SALAMERO

AMANE

Emakumeentzako jantzi denda


K O N T A K T U – D A T U A K

Sekundino Esnaola 34, 20700 Zumarraga
Telefonoa: 943 72 49 96
Instagram: amane2019_

Ane Salamero zumarragarrak jantziekin lotu du bere ibilbide profesionala hasi zuen une beretik. Duela 30 urte hasi zen, eta hortan dihardu gaur egun ere. Orain ordea, bere erara sortu, gauzatu eta garatzen duen proiektua jarri du martxan. AMANE emakumeentzako jantzi denda sortu zuen iazko apirilean. Badago moda hutsala eta funtsik gabekoa dela uste duenik baina Anek dio “gauza bat da modaren menpe bizitzea eta beste bat modaz disfrutatzea. Modak estiloa eta nortasuna azpimarratzeko balio behar digu. Tendentziak pasa egiten dira baina garrantzitsuena identifikatzen gaituen esentzia hori mantentzea da”. Bezeroarekin lanketa hori egitea da bere xedea. Bizi du bere ofizioa eta nabari da.


Nola hartu zenuen zure denda irekitzeko erabakia?

Beti izan dut ideia hori buruan. Ilusioa handia egiten zidan nere denda edukitzeak. Eta kasualitatez edo ez hain kasualitatez, Marianek Goretti bere denda itxi behar zuela jakin nuenean, momentua iritsi zela sentitu nuen. Bibrazio onak sentitu nituen. Dena zentzua hartzen hasi zen. Nire bideak hona ekarri nauela uste dut. Aurretik, hona iristeko pausoak egin ditudala iruditzen zait, honaino iristeko behar izan ditudanak, alegia. Etxean ere oso babestuta sentitu naiz, asko animatu naute. Zegokidana dela diote. Asko eskertzen diet hala jokatu izana. Indarra eman dit. Aspalditik esan izan didate nik nere denda ireki behar nuela.

Bizi duzu zure ofizioa.

Bai, egia da pasioz bizi dudala. Erropa asko gustatzen zait, eta jantzi denda bat izatea bokaziozkoa dela uste dut. Nik dendari gisa eman dut nere bizitza profesional guztia eta badira urte mordoxka bat, 30 inguru. Urretxun zegoen Urrutian, Zumarragako MMn eta Apalategin egin dut lan. Asko gustatzen zait lanbidea, hori argi daukat, disfrutatu egiten dut.

Orain arte beste norbaitentzat aritu izan naiz lanean, baina aitortu beharra daukat nereak bailiran bizi izan ditudala dendak. Oso gustura aritu naiz, asko ikasi dut eta orain AMANE sortu dut. Egindako bidearen helmuga dela sentitzen dut. Imaginatu, izugarri gustatzen zaidan hortan lanean aritu baina oraingoan nire erara sortu, eraiki eta moldatzen dudan proiektu batean. AMANE nere zati bat da.

Zer da zuretzat AMANE?

AMANE, ilusioaz sortutako proiektua da eta mimo handiz zaintzen dudana. Proiektu profesionala izateaz gain, bizi proiektu bat ere badela sentitzen dut. Oreka aurkitu dut, lasaitasuna. Erabat eskertuta sentitzen naiz jaso dudan babes eta laguntza guztiagatik. Bezeroek ere oso harrera ona egin diote dendari.

Zer eskeintzen digu AMANEk?

Kalitatezko ehun naturalez sortutako emakumeentzako jantziak dira, linea xumez diseinatutakoak. Jantzi erosoak baina dotoretasunari uko egiten ez diotenak. Eguneroko bizitzara egokitutakoak, goxoak, xumeak. Zenbat eta gutxiago, orduan eta hobeto. Estilo naturala sortzen duten jantziak dira, estilo pertsonala sortzen dutenak.

Zein da AMANEren balio erantsia?

Bezero bakoitzaren nortasuna asko zaintzen dut. Bakoitzak badauka berea, bakarra, eta esentzia hori mantentzea oso polita da. Moda tendentziak pasa egiten dira baina nortasuna betirako da. Elkarlanean egindako lanketa bat izaten da. Jantzi batek bi pertsonei balio diezaieke, baina ez era berean. Nola eraman, zein beste jantzirekin konbinatu, zein osagarrirekin… Hori asmatzea da gakoa. Bezero aina aukera dago. Erakusleihoekin ere hori erakutsi nahi dut. Oso sarri aldatzen ditut, dauden aukerak erakustea bilatzen dudalako. Erosketa esperientziari ere asko erreparatzen diot, asko zaintzen dut. Dendaren antolaketa, giroa, bezeroaren arreta. Ondo ezagutzen dut bezeroa. Bezeroaren erosketa faseak eta jokaera mota guztiak ere bai. Bezeroa eroso senti dadin nahi dut.

Zein da zure erronka nagusia?

Berriak erakartzeari utzi gabe, noski, baina bezeroak fidelizatzea gustatuko litzaidake. Hori ondo egindako lanaren emaitza izango litzateke, oso pozgarria. Dendan “trafikoa” sortzea bilatzen dut. Bezeroak sartu daitezela, erosteko asmorik izan gabe ere, dagoena ikustera, ezagutzera. AMANE hazten joatea gustatuko litzaidake, baina prozesu natural baten emaitza bezala, bezeroak gustura daudelako.

Badakit zaila izan daitekeela. Baina badut zerbait nire alde. Lehenagotik ere jendeak ezagutzen nau, eta hori abantaila bat da. Pentsa, badaukat bezero bat, txikitatik jantzi izan dudana eta orain ere etortzen dena. AMANEren lehenengotariko bezeroa izan zen. Hori oso pozgarria da niretzat.

Hala ere, erronka nagusia, honen guztiaren gainetik, etorkizunearen ere gaurko ilusio bera izaten jarraitzea litzateke.

Ekintzaile bezela, zein da balantzea?

Balantzea egiteko urte asko pasa behar direla uste dut, perspektiba izan behar dela. Baina ekiteko esperientziari dagokionaz galdetzen badidazu, esker oneko hitzak besterik ez dauzkadala esango nizuke.

Laguntza handia jaso dut, oso babestuta sentitu naiz. Bai lehen esan bezala etxean jaso dudanagatik, eta baita proiektua gauzatzeko bidea erraztu didan laguntza ere jaso dudalako.

Zer nahi nuen oso argi neukan bezalaxe, oso argi neukan baita ere, laguntza behar nuela bazeudelako menperatzen ez nituen zenbait alde: proiektua nola bideratu edo zerga-sistemari dagozkionak adibidez. Hala, Orekako Mari Paz eta Karmelek eta UGGASAko Amaiak asko lagundu didate. Ezagutzen nuen negozio bat irekitzeko UGGASAk lagunta eskeintzen zuela, eta horregatik jo nuen bertara. Baina ezer gutxi nekien bertakoek egiten zuten lanaren inguruan. Neretzat gidalerro bat izan da. Amaiak gidatu nau pausoz pauso prozesu osoan zehar. Konfiantza osoz bere eskuetan jarri nintzen eta oso babestuta sentitu naiz. Bideragarritasun plana egin zidan, ulertzen ez nituen gauza asko ulergarri bihurtu, erabaki garrantzitsu asko hartzen lagundu, diru laguntza guztien berri eman eta haiek kudeatu. Eta asko lagundu didan beste pertsona bat Gorettiko Marian izan da. Bere laguntza ere oso baliagarria izan zait. Oso eskertua nago jaso dudan laguntza guztiagatik.

Ekitea erraza dela uste duzu?

Bai, ekiteko prest bazaude gainontzeko guztia oso errez joaten da. Baina hori da garrantzitsuena. Momentua dela sentitu behar duzu. Nere kasuan behintzat, esperientzia eta heldutasun pertsonal nahiz profesionalak ezinbestekoak izan dira, asko lagundu didate. Gainera ekiteko prozesuak kontrol emozionala ere eskatzen duela uste dut. Ekitea proiektu profesionala izateaz gain bizi proiektua ere bada, eta ez da adinari dagokion zerbait, gaitasunei dagokiena baizik.

Eskerrik asko Ane zure lanarekin Urola Garaiko garapenean laguntzen duzulako

 

»