Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Saileko sailburu Pilar Unzaluk eta Ihobe sozietate publikoaren zuzendari Fernando Barrenecheak aurkeztu dute publikoki Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programa. Honen helburua Euskadiko enpresen ingurumen jarduerak areagotzea da eta enpresa horiek lehiakorrak izatea jada sortzen ari diren Europako etorkizuneko merkatuetan. Era honetan programan parte hartzen duten enpresek honako onura hauek lortuko dituzte besteak beste: teknologia eraginkorragoak erabiltzea, Europan sortzen ari diren merkatu berdeetara irekitzea eta ingurumenari eragindako kostuak eta inpaktuak gutxitzea.
Ingurumen Sailak ekonomikoki eta ingurumenari begira eraginkorragoak diren teknologiak ezartzeko laguntzak jarriko ditu enpresa parte-hartzaileen eskura. Laguntza horien barruan zerbitzuak, metodologiak, prestakuntza eta laguntza ekonomikoak sartzen dira. Gainera, ingurumen legedia betetzeko laguntza ere eskainiko die, baita ingurumen arloko trebakuntzarako ere, enpresa-sareari Europan sortzen ari diren merkatu berdeetan kokatu eta lehiakorrak izateko gakoak eskainiz.
Euskal Autonomia Erkidegoko edozein erakundek parte har dezake programan, bere jarduera-sektorea edo tamaina gorabehera.
Lan-ildoak
Ekoeraginkortasun Programak hiru jarduera ildo ditu: ingurumen lidergoa, teknologia garbiak eta ETEak martxan.
Lehenengoan, Ingurumen lidergoa, atxikitako enpresek aurre hartuko diete beren bezeroen beharrei produktu berriak, zerbitzu berdeak eta merkatuan izen eta balorazio ona duten produktuak proposatuz.
Teknologia garbien ildoan, laguntzak emango dira erakusketa-proiektuetarako eta prozesu industrialak hobetzeko, Erabilgarri dauden Teknika Onenak (ETO) ezarrita.
Azkenik, ETEak martxan lan-ildoaren bitartez EAEko ETE eta mikroETEak mobilizatu nahi dira, CO2 isuriak murrizteko eta bitarteko materialak aurrezteko plana ezar dezaten.
Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programaren helburuak
Adierazlea 2014rako helburua
Enpresa partaideak 1.000
Ekodiseinuaren arloko enpresa berriak 100
EMAS Ingurumen Ziurtagiria duten enpresa berriak 100
Teknologia garbiagoak ezartzen dituzten enpresak 150
Berotegi Efektuko Gasak (BEG) murriztea 100.000 t
Hondakinak balioztatzea 100.000 t
Lehengaien kontsumoa murriztea 200.000 t
UGGASA Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programari atxikituta 28 enpresa eta erakundeen artean dago. Eskualde mailan programa honen dinamitzatzailea eta bultzatzailea UGGASA izango da.
Informazio gehiago hemen