Ekintzailetza. Urola Garaia Sortzen

Elikadura burujabetzarantz logika kooperatibotik

Ekintzailetza arloan ekonomia sozial eta kooperatiboaren balioa sustatu nahi da gaur egun ditugun erronka ezberdinei modu kooperatiboan eta kolektiboan erantzuteko.

Herritarren interesa piztu dezaketen alor ezberdinetako proiektuak ezagutzeko hilean behin ASTEAZKEN KOOPERATIBOAK antolatu dira. Lehen saioa, pasa den urtarrilaren 25an izan zen; zeinetan kulturan jarri genuen begirada, beti ere, ikuspegi kooperatibotik.

Datorren otsailaren 22an, Ezkioko Udaletxean 18:00etatik 19:30etara, 2. Asteazken Kooperatiboa antolatu da, zeinetan Elikaduraz arituko garen, “Elikadura burujabetzarantz logika kooperatibotik” izenburupean. Saio honetan ere, gonbidatu bezala martxan dauden Euskal Herriko 3 proiektu interesgarriren parte hartzea izango dugu:

Biziola

Biziola kooperatibak Goierri eskualdeko herritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretzea du helburu, Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean proiektu zehatzak martxan jarriz.

Elikadura burujabetzaren bidean, eskualdeko ekoizleen produktuen salmentarako gunea, produktuak bildu eta banatzeko logistikarako gunea eta, agroekologiaren bidean, hezi eta hezteko espazio bat da.

 

 

Ereindajan

Hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo-ereduak garatu eta indartzeko proiektua da Ereindajan. Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da, Debagoiena duelarik bere lan- eta eragin-eremua. Nekazal eredu agroekologikoa bultzatzea dute helburu, bailarari arnasa emanaz. Debagoienako zein Euskal Herri osoko elikagai eta produktuen salmentan aritzen dira (%95a ekologikoa), ekoizleek bitartekarien beharrik gabe ekarriak.

 

 

Herrerako sukaldea

Kolektiboki antolatutako zerbitzua da Herrerako Sukaldea; denbora, esfortzua eta gastuak elkarrekin aurreztuz, lurraldeko 1go sektore eta dendetako lehengaiekin egindako jaki osasuntsuak, goxo eta merke, etxera eramateko.

 

 

 

Datozen ASTEAZKEN KOOPERATIBOAK:

  • Martxoak 22: Basoen kudeaketa ikuspegi kooperatibotik
  • Apirilak 26: Merkataritza txikia begirada kooperatibotik: transmisiorako bide bat
  • Maiatzaren 24: Urola Garaiko Ekonomia Sozialeko enpresen topaketa