Ekintzailetza. Urola Garaia Sortzen

ENEKO
SOLANA

HARIZTIZABAL BASERRIA

Ogigintza eta frutazaintza ekologikoa


K O N T A K T U – D A T U A K

Hariztizabal baserria 34, Itsaso
e posta: nineu_32@hotmail.com
Instagram: hariztizabalbaserria

Eneko Solana legazpiarrak kaletik baserrirako bidea hartu zuen duela 2 urte. Orduan hasi zen Xabiren eta Mariluren erreleboa prestatzen. Iazko maiatzetik dauka, amarekin batera eta aitaren laguntzaz, Hariztizabal baserriaren ardura. 40 urtez bertan landu diren ekimenei jarraipena ematea da bere erronka nagusia. Ogigintza eta frutazaintza ekologikoa lantzen ditu, eta pruduktuok merkaturatzeaz gain, kalearen eta baserriaren arteko zubilana ere egiten du. Baserria Natur Eskola Bizia proiektu pedagogikoan hartzen du parte. Hariztizabal baserriak jende andana hartu du urte guzti hauetan eta hala jarraitzeko asmoa daukala diosku Enekok “gure artean ilusio handiz hartuko zaituztegu, ogia eta sagarrarekiko dugun lotura xumea zuekin konpartitzeko asmoz”.


Nola eta zergatik hartu zenuen Hariztizabal baserriko jardunarekin jarraitzeko erabakia?

Nik enpresa munduan egiten nuen lan. Egitura metalikoei buruzko formakuntza jaso dut. Baneramatzan 5 bat urte hala lanean, eta zegoeneko konturatuta nengoen hura ez zela nahi nuen bizimodua. Ni kaleumea naiz baina mendia asko gustatu izan zait beti eta baserrirako lotura ere sentitu izan dudala uste dut. Baserrian lan egiteko aukera izan dudanetan oso gustura ibili naiz. Hariztizabal baserriko Xabi eta Marilu, Legazpiko Kontsumo taldetik ezagutzen nituen, ogia banatzen zuten bertan eta nere familiak taldean kontsumitzaile gisa hartzen zuen parte. Behin, egun batzuetarako baserria zainduko zuen norbait behar zutela plazaratu zuten Kontsumo taldean eta nere familia prest agertu zen horretarako. Ordurako banekien Xabik eta Mariluk euren proiektuari jarraipena emango zion norbaiten bila zebiltzala, eta han hasi zen dena. Argi ikusi nuen. Euren ofizioa erakuts ziezadaten eskatu nien.

Orduan hasi nintzen erreleboa prestatzen. Denbora batez enpresako lana eta baserria uztartu nituen. Baina azkenerako baserrira etorri nintzen bizitzera. Enpresan lanean baino, gusturago aritzen nintzen baserrian.

Beraz ekiteko erabakia orduan hartu zenuen.

Bai hala da. Argi neukan enpresa mundua utzi eta baserrirako bidea hasi nahi nuela. Baserriak zegoeneko ibilbidea egina bazuen ere, haseran galdu xamar ikusi nuen nere burua. Baina bai UGGASAk eta bai LURGINTZA Nekazal Kooperatibak nahiz BIOLURek asko lagundu didate. Bideragarritasun plana, laguntzen kudeaketa eta orohar gestio teknikoak, kontabilitatea eta fiskaltza nahiz aholkularitza juridikoa jaso ditut. Oso eskertuta nago. Babestuta sentitu naiz.

Ogigintza eta frutazaintza ekologikoa lantzen dituzu.

Bai. Xabik eta Mariluk ere hala egiten zuten eta guk, hala sinetsita, jarraipena eman diogu. Ama arduratzen da ogia egiteaz. Nik ogigintzan amari laguntzen diot eta frutazaintzaz arduratzen naiz. Nik bakarrik ezingo nukeen proiektua aurrera atera, neretzako bakarrik lan handia zen. Nere erabakiaren berri eman nionean, amak ere bere bizimodua aldatzeko hautua egin zuen. Lana utzi eta batera ekin diogu proiektuari. Aitak kanpoan egiten du lan, baina baserrian ere laguntzen digu.

Ogia, astean bitan egiten dugu, astelehenetan eta ostiraletan. Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko belar dendetan eta Legazpiko Kontsumo Taldean banatzen dugu. Lan handia ematen du ogiak. Bi egunetan egiten dugun arren bezperan ore-aurrea landu behar da. Ogia egiteko egunean goizaldeko 3etan hasten da prozesua eta eguerdian bukatu. Kopurua eskaeraren arabera zehazten dugu. Bezperan salmenta puntuek ematen digute datua eta horren arabera egiten dugu lan. Egiten den guztia saltzen da, ez da ezer galtzen. Hau ekoizle bezala ere itzela da, egiten duzun hori salduta duzu dagoeneko. Banaketa ere, ordu batean egiten dugu. Gure ogiak eskaera handia dauka eta geroz eta gehiago daukala iruditzen zait.

Frutazaintzari dagokionez, 30 sagar mota baino gehiagorekin egiten dugu lan. Sagarrak, zukua eta marmeladak saltzen ditugu.

Banaketa zabala lortzea da helburua. Sagarrak adibidez, GOIERRIKO BARATZAn saltzen ditugu, sagar zukua eta marmelada inguruko herrietako belar dendetan ez ezik kooperatibetan ere saltzen dugu, Bergaran eta Arrasaten EREINDAJAN kooperatiban eta Gasteizko beste hainbatetan, besteak beste. Sagar zukua, Zaldibin kokatuta dagoen UZTAOLAn egiten dugu. Aldundiarena da eta bertako tresneria erabiltzen dugu zukua egiteko. Etiketa dauka eta errazago saltzen da. Orotara 40.000 bat litro ekoizten dira bertan.

Zein da zuen produktuen kontsumitzailea?

Bada, denetik esango nuke. Badago adineko jendea, jende heldua, gazteak. Baina agian publikoaren gehiengoa, haur txikiak dituzten guraso gazteak direla esango nuke. Orohar, elikadura osasungarriaz arduratzen den hori etortzen da gugana, kalitatezko elikagai ekologiko eta osasuntsuak bilatzen dituztenak, sasoikoak, bertakoak. Bizitza osasuntsua bilatzeaz gain, haurren hezkuntzari ere garrantzia ematen diotenak asko dira.

Baserrira bisitak ere antolatzen dituzue.

Bai. Baserria NATUR ESKOLA BIZIA proiektuan hartzen dugu parte. Proiektu didaktikoa da eta helburua, hiritarrei baserria gerturatzea da. Ekimena ikastetxeetako ikasleei, euskaltegiei, aisialdi edo kultur elkarteei edo lagun edo familia taldeei dago zuzenduta. Naturari buruz, abereei, elikadurari, osasunari, iraunkortasunari edo ingurumenari buruz gehiago jakiteko aukera ematen du. Era praktikoan egiten da eta jendeak hori asko eskertzen du. Baserritarrari ekoizle izaeraz gain “irakasle” izaera ere aitortzen zaio gainera.

Proiektuan, Hariztizabal baserriarekin batera Aikur Erle Museoak, Baztarrika baserriak, Igartubeiti Baserri Museoak, Pott Keramikak eta Ordiziako Azokak hartzen dute parte. Hala, ogigintza, pastagintza eta frutazaintza ekologikoa, gaztagintza, keramika, euskal baserria, erlezaintza ekologikoa edo azoka ezagutzeko aukera eskaintzen dugu.

Jende gaztearentzako ere, ni neu ispilu bihurtu naizela sentitzen dut batzutan, nere ingurukoak ogia erostera gerturatzen direla konturatu bainaiz. Eta pozgarria da hori.

Lehen sektoreari nahikoa onarpen/aitortza egiten zaiola uste duzu?

Administrazio publikoaren aldetik badaude programak eta planak. Baina batzutan baliabideak falta direla iruditzen zait. Gizarteak ere lehenengo sektoreari geroz eta estimu handiagoa diola uste dut, elikadura burujabetzaren konpromisoa handitzen doa nahiz eta konpetentzia oraindik gogorra den.

Eskaera handituz doala uste dut baina ekoizle berriak bilatzea geroz eta zailagoa da.

Nik uste bide berriak indartu behar ditugula. Badaude asko, oso interesgarriak. Adibidez, Azpeitian bada ELIKAGUNEA. Euskal Herriko elikagaien topagunea da eta Azpeitiko Azoka Plazan kokaturik dago. Euskal Herriko elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa da.

Azpeitia zentro bezala hartuta 150 km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik biltzen dituen gune bat da, heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari dendaz osatua.

Inguruko baserrietako produktu ekologikoak saltzeaz gain produktu hauez osatutako jakiak ere prestatzen dituzte. Onarpen handia dauka eta badakit publikoaren artean bakarrik bizi diren adinekoak ere badaudela, adibidez.

Bada Bizkaian beste adibide bat, Errigoitin dagoen BIZKAIGANE. Baserriko lan baldintza “tradizionalekin” apurtu nahi duen proiektua da. Erreleboka egiten dute lan, oporrak dituzte, etab.

Lehengo bideetatik aritzea zaila dela iruditzen zait eta bide berriak bilatu behar ditugula uste dut.

Zergatik da hain garrantzitsua lehen sektorea eta landa eremua? Zer eman dizu zuri?

Natura errespetatzeko bidea eman dit niri, naturarekiko harremana lantzeko. Lotura sentitzen dut, eta nire inguruko natura zaintzen aportazio txiki bat egiten dudala sentitzen dut. Elikagai osasuntsuak sortzeko aukera ere ematen dit eta horrek gogobetetzen nau.

Lehen sektoreak ekonomia sistemari eta gizarteari egiten dion ekarpena handia dela uste dut. Lehen sektoreak garapen iraunkorra sustatzen du.

Ekoizleok gure herriak bizirik mantentzen ditugula uste dut, biodibertsitatea zaintzen dugula eta ondare kulturala eta naturala babesteaz arduratzen garela.

Gutxi iruditzen al zaizu? (barre egiten du)

Zein da orainarte zure ekintzaile ibilbideaz egiten duzun balantzea?

2019ko maiatzean ekin nuen. Ez da denbora asko pasa, baina gustura nago. Ekiteak badu arriskua, emozio puntu hori. Ez dakizu nola joango den. Baina gauza bat argi daukat, ez naiz aurreko lanera bueltatuko. Ez naiz damutzen hartutako erabakiaz. Orain lotura handiagoa daukat, ardura handiagoa. Baina askeagoa naiz, nere martxan nabil eta baserriak mota askotako lanak egiteko aukera ematen dit. Lehen gauzak ezarritakoaren arabera egin behar ziren, monotonoagoa zen lana eta kutsagarriagoa gainera.

Batzutan pentsatzen dut oso suharra izan nintzela agian, gauzak lasaiago hartzea falta izan zitzaidala, patxadaz, hobe planifikatuz. Baina hala gertatu zen. Orain bilakaera bizitzen ari naiz. Ikasketa prozesu bat da.

Askotan joeraren kontra ibili naizela sentitu izan dut. Bide ezberdin bati ekin diodala. Gauzak ezberdin egiten dituena izan daiteke ekintzailea agian, ezta?

Orain nere erronka nagusia nere proiektua osatzea da, bideragarri egitea. 10 urteko alokairu kontratua daukat baserrian eta gustatuko litzaidake denbora hori pasata oraindik ere proiektuarekin aurrera egiteko ilusioa eta gogoa edukitzea.

Horiek baitira ekintzaile baten ezaugarri nagusiak, nork bere buruan sinetsi eta bere bidea egiteko ilusioa eta gogoa edukitzea.

Lehen sektorearekin oso lotuta dago ekintzailetza. Eta sektore honetako indargunea gainera, enpresa munduan ez bezala, denon artean osatzen dugun sarea da. Han indibidualismoa, lehia eta enbidiak ikusi nituen eta hemen lankidetza, auzolana eta laguntasuna. Aberasgarria da. Filosofia bat ere badela esan nezake.

Eskerrik asko Eneko zure lanarekin Urola Garaia garatzen laguntzen duzulako.

 

« »