ELI MARTIN eta
ALAINE ELKOROBARRUTIA

XALOA

Estetika zentroa


K O N T A K T U – D A T U A K

Webgunea: https://xaloaestetika.com
Facebook: @xaloaestetika
Instagram: xaloaestetika
Telf: 943 73 04 57

Alaine eta Eli legazpiarrak estetikaren zale amorratuak dira. Iazko irailean XALOA estetika zentroa ireki zuten Legazpiko Plazaola kalean. Helburua, arreta profesionala eta bezeroekiko konfiantzazko harreman hurbila uztartuko dituen espazio propioa sortzea izan da. Horretarako, Alaine eta Eli etengabe ari dira eskaintzen dituzten tratamenduetako joera, teknika eta produktu berriak aztertzen eta ikasten. Beraien filosofia, zentroa bisitatzen duten emakumeak eta gizonak beren buruarekin gusturago sentitzean datza. Kanpoko edertasunak direna eta sentitzen dutena modurik onenean isla dezan.


Ekitea, eta zuen zentroa irekitzea erabaki zenuten. Zergatik?

Eli: Biok aurretik estetikaren munduan aritu izan gara lanean urte askoan. Ikasketak amaitu eta berehala hasi ginen. Gure ikuspegia eta esperientzia zabaltzen lagundu digute urte guzti hauek. Nik badaramatzat 10 urte iada, azken 8 urteak Oñatiko zentro batean eman ditut. Alaine aldiz, hemen bertan, gure zentroa dagoen lekuan zegoen “Estetica Peñi”n aritu izan da 18 urtez. Peñik erretiroa hartu behar zuela eta, Alainek negozioarekin jarraitzeko asmoa azaldu zidan. Azkenean nere lana utzi eta abentura honetan elkarrekin murgiltzea erabaki genuen gure zentro propioa sortuz.

Alaine: Haseran beldurra ematen bazigun ere, nik ezagutzen nuen negozioa. Lehengo bezeoek ezagutzen naute, eta hori da helburua, haiek mantentzea baina baita berriak sortzea ere. Elik berez erakar ditzakeen bezeroengana eta gure proiektu berriaren proposamenak erakar ditzakeenengana ere iritsi nahi dugu.

Grina eta energia transmititzen saiatzen gara, gure bezeroei ahalik eta ongizate handiena eskaintzeko.

Nola hasi zenuten bidea?

Negozioak etenik eduki ez zezan nahi genuen, eta Peñiri eskatu genion uztailera arte jarrai zezan, hala guk abuztuan, lokal berriaren eraikuntza lanak egin ahal izango genituzkelako. Gainera, haur txikiak ere baditugunez, irailean hasita errazagoa izan zitzaigun, haurrak iada eskolan hasita zeudelako. Proiektu profesionala bizi proiektua ere badenez familia eta lana uztartzea gustatuko litzaiguke eta zentroko ordutegia, ahal dugun heinean, gure beharretara moldatzen saiatzen gara.

Negozioa irekitzeko erabakia hartu genuenean UGGASAra joan ginen. Ezagutzen genuen eta hasieratik jo genuen bertara. Bideragarritasun plana egin genuen bertan eta nolabait gure ideiaren “onarpena” jaso genuela esan dezakegu, lanketa hori egin ostean konturatzen baitzara proiektua errentagarria izan daitekeen edo ez. Ardura, dedikazio nahiz lanaren neurriaz eta hedaduraz jabetzen zara.

Izan ere, lana gogotik egin behar da, eta indarra eduki behar da. Emaitzak ikusten hasi arteko garaia gogorra da. Gu bi gara, gure negozioak hala eskatzen duela uste baitugu, eta horrek bi soldata atera behar direla esan nahi du. Hala ere, bi izateak ere baditu bere abantailak, babesa ematen dizu.

Ikastea, ilusioa sortzea eta oztopoen aurrean atzera ez egitea dira gure lanaren oinarrietako batzuk.

Zer eskeintzen du zuen estetika zentroak?

Era askotako zerbitzuak eskaintzen ditu gure zentroak, hala nola, aurpegiko eta gorputzeko tratamenduak, depilatzeko teknika modernoak, makillajea, manikura nahiz produktuen salmenta.

Masajeak, adibidez, gure zerbitzu askotan sartzen dira, uste baitugu ez dagoela horiengandik lortzen den onura ordezkatzen duen ezer; ukimenaren bidez transmititzen den energiak gure eguneroko bizitzan aurkitzea hainbeste kostatzen den erlaxazioa eragiten du, eta, batez ere, gure gorputzaren kontzientzia hartzen laguntzen digu. Masaje lasaigarriak edo masaje gogorgarriak eta antizelulitikoak, zirkulazioa aktibatzeko eta hala, gure gorputzaren metabolismoa oxigenatu eta sustatzeko.

Edertasuna eta Ongizatean aritzen garen profesionalentzat baliabide garrantzitsuena dira gure eskuak. Gure eskuek dugun jakintza eta dugun energia transmitituko diote bezeroari, eta leku onean dagoela ziurtatuko dio. Bakea, lasaitasuna eta harmonia. Eskuak bizitza osoan erabili dira, filosofia guztietan.

Hala, aurpegiko tratamenduetan lan asko egiten dugu. Tratamendu hauekin aurpegiko higienea lantzen dugu. Desintoxikazio entzimatikoan oinarritutako garbiketa egiten dugu, ezpurutasunak desinkrustatzeko poroak ireki eta biguntzeko aukera ematen duena. Ezinbesteko urratsa da azala osasuntsu eta orekatuta eduki nahi badugu.

Larruazal sentikorrentzako berezia den tratamendua, larruazalaren egitura konpontzen duten zahartzearen aurkako tratamendua nahiz aurpegiko tratamendurik ohikoenetakoa den tratamendu hidratatzailea ere egiten dugu. Azala berritzeko, esfoliazio leuna erabiliko dugu, eta, ondoren, zenbait osagai erabiliko ditugu, hala nola hidratazio-faktore naturala eta C bitamina.

Gorputzeko tratamenduei dagokienez, gorputza modelatzen laguntzea da gure lana, baina beste ohitura batzuk ere behar direla kontutan hartuta, hala nola elikadura orekatua eta ariketa fisikoa egitea. Berriki lagungarri izango zaizkigun zenbait tresna ere eskuratu ditugu. Hala nola, mikroorratzei esker printzipio aktiboak sakonago sartu ahal izateko makina bat; kabitazioa, bakunterapia edo eta dermoabrasioa bezalako teknikak lantzen dituen beste bat; eta baita presoterapia lantzen duen hirugarren gailu bat ere, zeinak drainatze linfatikoari esker zirkulazio txarrari eta likidoen erretentzioari lagun diezaiokeen.

Lehen aipatu bezala, depilazio eta belzte edo eta makillaje nahiz manikura zerbitzuak ere eskeintzen ditugu. Azazkalak pintatzen ere lan asko egiten dugu azkenaldian.

Zein da zuen balio erantsia?

Guk estetika-zentro berezia eraiki nahi dugu. Topikoa dirudien arren, produktu kosmetiko onenen erabilerarekin bikaintasuna bilatzeaz gain, asko baloratzen dugun zerbaitengatik ere bereiziko dena: tratu pertsonalizatua eta gure bezeroen erabateko gogobetetasuna. Lan horretan, bezeroari aktiboki entzutea funtsezko oinarria dela iruditzen zaigu eskatzen diguna eskaintzeko.

Kasu bakoitzari buruzko aholkularitza eta jarraipena egitea da gure xedea, horretarako behar den denbora hartu eta giza harremanetan oinarritzen gara. Izan ere, pentsatzen dugu pertsonei entzun, aholkatu, lagundu egin behar zaiela. Zintzok izatea bilatzen dugu, ez dugu alperrik beharrik sortzen baina bezero bakoitzak dituen beharrak ondo definitzen saiatzen gara, eta horretarako diagnostiko on bat egitea funtsezkoa da.

Ondo entzuten jakin behar da, behar horietaz jabetzeko. Hasieratik arretaz entzuten diegu gure bezeroei diagnostikoa eta tratamendua egin aurretik. Lehenik, haiek ezagutzeko, eta, ondoren, gure lana zentzu guztietan garatzeko. Jendeak guregan konfiantza edukitzea bilatzen dugu.

Kontuan hartu behar da estetika munduko profesionalak bezeroari erakutsi egiten diola. Izan ere, emaitza ona, hona etortzearekin ez ezik, egunerokoan ere lortzen baita. Xehetasunei arreta jartzen diegu, edertasunarekiko konpromisoa daukagu.

Non dago edertasuna?

Barruan, denok dakigu hori. Zu ez bazaude pozik, zoriontsua ez bazara, aurpegia luzatu egiten zaizu, gris jartzen da, poltsak ateratzen zaizkizu, begi-zuloak; pertsona zoriontsu eta irribarretsu batek bere edertasuna adieraziko du. Eta zoriontasuna, momentua hemen eta orain gozatzen jakitea da.

Gure burua zaindu behar dugu beti. Barrutik batez ere, baina baita, gure ustez, kanpotik ere. Mimatu, erlajatu, ondo sentitu. Gure itxura zaintzeak autoestimuan eragina daukala uste dugu. Komunikatzeko modu bat dela iruditzen zaigu, segurtasuna transmititzen dela.

Zein da zuen erronka nagusia?

Legazpin aholkularitza estetikoan erreferente bihurtzea da gure erronka nagusia. Estetikaren munduan profesionalarekiko fideltasuna neurri handi batean, jasotako tratuaren araberakoa dela uste dugu.

Bestalde, haserako ilusioa mantentzea ere gustatuko litzaiguke. Ongizatearen eta edertasunaren munduko profesional-lana ondo egiteko ahalegin handia egin behar da, eta etengabe ikasi. Ikaskuntza ez da inoiz amaitzen, eta ahal dugun guztietan gure eguneroko esperientzia guztiekin eta inguruan dugunarekin aberastu behar dugula uste dugu.

Hemendik urte batzuetara negozioa asentatuta egotea gustatuko litzaiguke, ondo egindako lanaren emaitza izango litzateke eta.

Zer esango ziniokete ekin nahi duen horri?

Saiakera egin behar dela uste dugu, probatu gabe ezin gera daitekeela bat. Baina negozioarekin diru asko irabaziko ez duela ere esango genioke (barre egiten dute). Nork bere ideia aurrera eramatea pozgarria da baina dirua inbertitu behar da, esfortzu handia egin behar da, ez da erraza. Gogoa, ilusioa eduki behar da.

Hala ere, ekintzaile izateak zure erara lan egiteko aukera ematen dizu, zure buruarengan sinetsi eta gauzak besteen mugarik gabe, beste modu batera, egin daitezkeela frogatu dezakezu. Gogobetetzen zaitu.

Sinesten duzun horretan zerbait egiten duzunean, bizitza hobea duzula esan daiteke, ezta? Guk hala uste dugu.

Eskerrik asko Eli eta Alaine zuen lanarekin Urola Garaia garatzen laguntzen duzuelako.

« »