HARITZ
URIARTE
LAUSOKA
Zuzeneko soinua eta estudio lana
K O N T A K T U – D A T U A K
Telefonoa: 619 65 10 87
eposta: txarra261@gmail.com
«Atxabaltako» Haritz Uriartek Urretxun du bizitokia 2014a geroztik, eta bertan garatu du buruan zeukan proiektua Lausoka enpresa sortu duen arte. Zuzeneko soinu lanetan nahiz estudio lanetan dihardu. Musikatik datorkio soinuarekiko harremana. Musikari gisa ondo ezagutzen ditu ofizioaren ezaugarri eta beharrak. Doinuen soinu zehatza bilatzen du eta hartzaileak hala jaso dezan egiten du lan. Maite ditu doinuak eta maite du soinua.
Zerk eraman zintuen erabakia hartu eta ekitera?
Nik elektronika ikasketak egin nituen Arrasateko Eskola Politeknikoan eta 18 daramatzat ULMAn lanean. Baina musikaria ere banaiz eta bide horrek ekarri nau honaino. Nik ez nuen inondik inora espero horrelako proiektua sortzea, baina nonbait nire barruan bazegoen gaitasun edo behar hori, eta ziurrenik musikaria ez banintz ez nintzateke inoiz horretaz ohartuko. Azken batean, zergatik hasten zara gauzetaz interesatzen? Maite dituzulako, ezta?
Egia da hasera batean nere beharrak asetzeko hasi nintzela soinuaren inguruko formazioa jasotzen. Nere lana grabatzeko nahietik edo beharretik hasi zena, ofizio bihurtu dut. Ikasten hasi nintzen eta geroz eta gehiago jakin nahi nuen. Idiazabalen hasi nintzen ikastaro pribatu bat egiten. Bertan urtebete eman nuen. Ondoren Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan ikasi dut. Orduan serioago hartu nuen, lanean eszedentzia hartu nuen ikasteko.
Ikasten ari nintzela otu zitzaidan nere kontura jartzearen ideia, hau nere ofizio bihur nezakeela, alegia. Bidea ikusi nuen, nolabait.
Gaur egun, ULMAko lana eta soinu teknikari lana uztartzen ditut. Baina bihar, batek daki.
Zein da soinu teknikari baten lana?
Soinu proiektuak lantzen ditugu. Batetik diseinu planak egiten ditugu, araudi teknikoak eta segurtasunekoak betez, aurrez definitutako eskakizunei eta ezaugarriei erantzuten diegu. Soinu-proiektuak egiteko beharrezko baliabide materialak eta teknikoak eta giza baliabideak zehazten ditugu.
Soinua hartzeko edo eta erreproduzitzeko espazioak ere egokitu behar izaten ditugu, soinu-prozesuetan gehieneko kalitatea lortu ahal izateko.
Finean, ikus-entzunezko produkzioetan, irratikoetan, diskografikoetan, ikuskizunetan, ekitaldietan eta soinuztatze-instalazio finkoetan soinua jasotzeko, erregistratzeko, emititzeko, muntatzeko eta erreproduzitzeko prozesuan hartzen dugu parte.
Hala, adibidez, zuzeneko emanaldietan nahiz estudioko soinu grabaketetan aritzen gara.
Musikarien, taldeen edo zuzendarien itzalean egon ohi izan dira, gara, soinu teknikariak, baina gure lana ezinbestekoa da grabazioetan zein kontzertuetan.
Nola egiten da lan?
Artistek, musikari dagokionez, edo eta zuzendariek, filme eta dokumentaletan, nahi duten hori ematea da soinu teknikariaren helburua. Azken finean zuzenekoa edo grabazioa, talde, musikari edo zuzendarien fruitua da, eta guk hori ahal den fidelen erakusteko egin behar dugu lan. Naturaltasuna islatzea da nere asmo nagusia, bakoitzak bere nortasuna mantendu dezan.
Nolakoa izan da zure ibilbidearen hasiera?
Nere kasuan, erraza izan da. Kooperatibista izaerak beste lan-jarduera batzuetan aritzeko aukera ematen dit. Ikasten ari nintzela eta ideia bururatu zitzaidanean, irakasle batek ekiteko laguntza teknikoa bazegoela esan zidan. Lehenbizi, informazio eske, gertutasunagatik edo, bertakoa naizelako, Aretxabaletan galdetu nuen eta ondoren eman nuen UGGASArekin. Eskolatik bideragarritasun plana egiteko ezagutza banekarren arren, laguntza handia jaso nuen bertatik. Pauso guztiak emateko babesa jaso nuen.
Ikasketak amaitu eta soinugintzan aritzen diren zenbait enpresetan aurkeztu nuen nere burua. Hala, bi enpresekin egin nuen kontaktua, eta orain euren bidez ateratzen zaizkit lanak.
Zuzeneko emanaldiak egiten ditut batez ere. Uztailean hasi nintzen, ez daramat denbora asko, baina uda ondo joan zait. Egia da, orokorean urteko sasoi hontan pilatzen direla halako emanaldiak, udaberria eta udazkena bitartean. Udazkenean eta neguan asko jeisten da. Ostegunetik igandera ateratzen dira lanak normalean.
Baina eskaera badagoela iruditzen zait, ondo baloratzen den lana da, merkatua mugitzen da. Hala ere, soinu teknikarientzako ez dago lan hitzarmenik eta honek lan baldintzetan eragina izan dezake zenbait kasutan.
Hala ere, neri ekintzaile izateak ate bat zabaldu didala aitortu behar dut, bestela irekiko ez nukeena. Esperientzia hutsak merezi izan didala uste dut. Oso aberasgarria izaten ari da.
Zein da zure erronka nagusia?
Nere ametsa grabazio-estudio bat muntatzea da, baina egin beharreko inbertsioa handia da.
Hala ere, gaur egun nahiz eta grabaketa estudioa ez eduki, baliabide asko dauzkat. Badaukat grabatzeko materiala, mikrofonoak, prebioak, mahai digitala (unitate mobila)… Postproduzioko lanak etxean ere egin daitezke, etxeko home-estudioan. Egun mundu digitalean, software-ak eta plugin-ak geroz eta lortuagoak daude eta efektu analogikoen mailara iristen dira. Geroz eta teknikari gehiagok egiten dute lan euren home-estudiotik.
Poliki poliki noa. Orain nere diskoa grabatu nahi dut eta lortzen dudan emaitzak zerbitzua eskeini ahal izateko aukera emango dit. Ni neu ere musikaria izatea abantaila dela deritzot, beharrak ondo identifikatzeko aukera ematen dit eta. Gustukoagoa dut estudioko lana zuzenekoa baino. Horretan aritzea gustatuko litzaidake.
Badakit oso zaila izango dela, asko jarri behar baitut jokoan. Hankak lurrean dauzkat, orain soinu teknikari lana, lan finko batekin uztartzen dut, alde hortatik segurtasun ekonomikoa ziurtatzen dudala konsziente naiz, ekintzile izanda bermatzen ez duzuna, alegia. Errentagarria izan behar da.
Izan ere, segurtasun emozionalaz gain, ekintzaile izateko segurtasun ekonomikoa ere izan behar dela uste dut. Ze motatako ekintzailetza den ere kontutan hartu behar da, noski, egin behar den inbertsioaren araberakoa izango baita arriskua. Baina orohar ez da arin har daitekeen erabakia.
Baina bide bati ekin diot eta hori argi daukat. Orain web orria sortu nahi dut. Diskoa grabatzen dudanean egingo dut eta lan mota ezberdinak erakutsi ahal izango ditut bertan. Makrobiotika txokoa mikro labaurra nik ekoiztu eta sonorizatu nuen, baita eskolan nintzela sintonia bat ekoiztu eta sonorizatu ere. Praktikak Irusoinen egin nituen eta bertan «Agur Etxebeste» filmaren soinu-muntaketan parte hartu nuen, baita «Mateoren Ama» laburmetraian ere. Xanti Salvador teknikariarekin burutu nuen praktikaldia Irusoinen, eta beste lan batzuen artean «La Trinchera infinita» filmarekin aritu zen. Askotan Xanti eta filmaren zuzendari diren Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarekin egoteko aukera izaten nuen, eta postprodukzio lanetan hartzen zituzten erabakien berri izaten nuen. Pribilegio handia izan zen talde horren lana gertutik jarraitu ahal izatea, gerora soinu onenari emandako Goya sari bat ere eskuratu zuten eta.
Zer esango zenioke ekiteko zorian dagoenari?
Ez dakit. Ekintzaile izatea aukera bat da, beste batzuk izan daitezkeen bezala. Bide bat, beste bide bat. Gauzak beste modu batera egiteko aukera ematen dizuna agian. Bakoitzak uste duen moduan egiten du lan, nork bere erritmoa markatzen du, bere mugak jartzen ditu. Eta hori pertsona bezela garrantzitsua dela uste dut. Bizi proiektu bat ere bada.
Nire buruan, adibidez, soinugintzan aritzeko ideia beti dago, eta badakit hala balitz lanean benetan disfrutatuko nukeela.
Eskerrik asko Haritz zure lanarekin Urola Garaiko garapenean laguntzen duzulako.