IDOIA LUZURIAGA eta
MIREN ARANBURU

HEZI2DE

Berdintasunerako formakuntza eta aholkularitza


K O N T A K T U – D A T U A K

Mugitegi Industriagunea C bidea, 18, 20700 Urretxu
Telefonoa: 653 73 78 56
Web: https://hezibide.com/

Miren Aranburu eta Idoia Luzuriagak Hezi2de, Berdintasunerako Formakuntza eta Aholkularitza zerbitzua sortu zuten 2016an. Hezkidetzaren bidetik lanketa egiteko sortu ziren “hutsune bat ikusten genuen eta hori betetzea zen gure asmoa. Berdintasun planak egon badaude, baina askotan irakaslegoak baliabideak falta dituela somatzen genuen”. Idoiak eta Mirenek diote errealitatea ez den bitartean ezin izango dela erabat berdintasunean hezi, baina beharrezkoa dela horretan aurrera egiteko pausoak ematen joatea “ikastetxea, familia eta komunikabideekin batera, funtsezko elementua da prozesu horretan, izan ere, berdintasunerantz abiatzeko lehen urratsa, barneratuta dauzakagun ezberdintasun-jarrerez edo -egoerez jabetzea baita”.


Zergatik erabaki zenuten zuen proiektua martxan jartzea?

Miren: HEZI2DE sortu aurretik, enpresa batean bulegoko lana egiten eman ditut urteak. Ondo zetorkidan lana zen, ordutegi ona neukan eta lana eta familia bateragarri egiteko aukera ematen zidan. Baina lan horrek ez ninduen gogobetetzen. Soziologoa naiz formazioaz eta gizartearen eta gizabanakoaren portaerei eta adierazpenei beti erreparatu izan diet. Berdintasunak eta hezkidetzak interes berezia piztu izan didate beti. Hezkidetzan hutsune bat zegoela somatzen nuen. Emakume eta Gizonen Berdintasunaren Gaineko Masterra egin ondoren Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroa ere burutu nuen. Pausoak ematen hasi nintzen.

Idoia: Ni kazetaria naiz formazioaz baina betidanik izan ditudan kezka sozialek eta piztu zaizkidan alarmek, pixkanaka-pixkanaka hurbildu naute berdintasun agente izatera. Formazioa jaso nuen, eta HEZI2DE hasi aurretik 10 urte eman nituen berdintasuna, enpresa mailan eta udal mailan lantzen. Aholkularitza enpresa batean egin nuen lan enpresei zerbitzua eskaintzen, eta berdintasun teknikaria ere izan nintzen udal mailan. Azkeneko amatasunak, ordea, zer pentsatu eman zidan. Nora jo erabaki behar nuela sentitu nuen. Hezkidetzarekiko interes handia nuen. Geldialdia egin nuen. Miren zirikatzen hasi zen (barre egiten du). Berak proposatu zidan enpresa sortzea. Proiektu hartan sinesten nuen. Nik ere Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroa burutu nuen.

Azkenean berdintasun teknikari postuari uko egin eta Mirenekin batera HEZI2DE sortzea erabaki nuen.

Zer eskaintzen du HEZI2DEk?

HEZI2DEk hezkidetzan espezializatutako Berdintasunerako Formakuntza eta Aholkularitza zerbitzuaz gain, enpresa, erakunde eta udalentzat ere Berdintasun Planak eta orokorrean Berdintasunerako Aholkularitza eskaintzen du.

HEZI2DE berdintasuna hezkuntza mailan lantzeko jaio zen. Hezkuntza mailan lan egitea garrantzitsua iruditzen zaigu, estrategikoa da. Uste dugu hezkuntza asko aldatzen ari dela, eredu eta metodologia berriak erabiltzen dira eta hezkidetza mailan ere pausoak emateko asmoa somatzen da. Baina askotan irakaslegoak baliabide falta duela somatzen dugu. Eta hutsune hori betetzeko asmoarekin jaio zen HEZI2DE.

Uste dugu Berdintasuna benetako errealitate bihurtzen ez den bitartean, oso zaila izango dela berdintasunean heztea. Baina, aldi berean uste dugu, urratsik ematen ez bada inoiz ez dugula berdintasunik lortuko. Argi dago lanketa etxean hasi behar dela, baina eskolak ere funtsezko eginkizuna duela iruditzen zaigu, eskola, gizarteak pertsonen prestakuntzarako bideratu duen erakundea delako.

Haur batek etxean, eskolan eta beranduago gizartean, batez ere komunikabideen bidez, jasoko dituen mezuen arabera moldatuko du bere pentsatzeko era, bere izateko era eta bere jokaera. Beraz, eskolak ere funtsezko eginkizuna du eta gauza asko alda ditzake.

Kontu handia eduki behar da oraindik ere ezberdintasun-egoera eta ezerdintasun-jarrera asko oso barneratuta baitauzkagu. Lehenengo urratsa hauetaz guztietaz konturatzea da eta ondoren aldaketak eragitea.

Hala, hezkuntza mailan egiten dugun eskaintza honakoa da: formakuntza, Hezkidetzan Aholkularitza, Genero ikuspegia eskolaren eguneroko jardunean eta Hezkidetza Plana eta bere ezarpenerako baliabideak.

Baina baditugu bestelako bezeroak ere, udalak edo Aldundia besteak beste. Beraz, beharren arabera egokitzen dugu gure zerbitzua eta berdintasun planak, hitzaldiak, saioak nahiz jarduerak antolatzen ditugu.

Zein da zuen ibilbideaz egiten duzuen balantzea?

Erabakia hartu bezain pronto jarri ginen harremanetan UGGASArekin. Proiektuaren bideragarritasun plana egiten lagundu ziguten bertan. UGGASAko Sortzen Enpresagunean jarri genuen gure kokalekua eta oraindik ere bertan jarraitzen dugu. Sortzen Enpresagunea, UGGASAk ekintzaileen eskura jartzen duen bulego eta zerbitzu ezberdinez osaturiko espazioa da. Batetik inkubategia dago, enpresa berritzaileei zuzenduriko banakako bulegoz osatuta eta bestetik Cowork-a, lanerako espazio partekatua. Sortzen enpresaguneak sinergiak sortzeko aukera eskaintzen digu eta ekintzaileon hazkunde profesionalean babesa eskaintzen digu.

Indartsu hasi ginen. Gogoratzen dugu lehenengo sei hilbetetan ate joka ibili ginela. Milaka ate jo genituen, inongo konplexurik gabe. Uste dugu ekintzailea izan eta konplexuak edukitzea ez dela bateragarria (barre egiten dute). Egia esan ekintza honetatik ez genuen emaitza handirik lortu baina ekinaren ekinez aurrera egin genuen.

Ekintzaleon ibilbidea oso gorabeheratsua da. Eta aholkularitza zerbitzuen sektorea, oso sektore zaila da berez. Duela urtebete oso gaizki egon ginen, hondoa jota ia, zentzu guztietan. Lanik ez zen ateratzen eta emozionalki ere oso makal ibili ginen. Oso gogorra izan zen. Lanketa handia egin behar izan genuen. Prozesu emozionalak eragin handia dauka zure ikuspegian. Baina ibilbidea bera ikasketa prozesu bat ere bada, eta orain badakigu berriro halako egoera baten aurrean ezberdin jokatuko genukeela, ez genukeela esperientzia hura modu berean biziko. Ez pertsonalki eta ez profesionalki. Esperientzia horren ondorioz, bezeroak dibertsifikatzeko eta negozio-lerro ezberdinak sortzeko garrantziaz konturatu gara, adibidez.

Balantzea, beraz, positiboa dela esango genuke. Ekiteak lan proiektu bat martxan jartzea ez ezik bizi proiektu berri bat hastea ere badakar berekin, eta aberasgarria da. Hala ere beldurra beti hor dago, laboralki adinean aurrera goaz eta.

Aurten badauzkagu zenbait proiektu eskuartean eta gaitzerdi! (barre egiten dute). Emakunderen homologazioa ere lortu dugu eta horrek ere gure eskarmentuari bermea emango diola espero dugu.

Zer eman dizue ekintzaile izateak?

Ekintzaile izateak edonori bizitzaren norabidea markatzeko ahalmena ematen diola esango genuke. Bakarrik zaude, zuk egin behar duzu dena, onerako eta txarrerako, baina zure bizitzaren jabea zu zara, zuk daukazu azken erabakia, eta besteek ez dute zure bizitzaren kontrola.

Gainera gu berdintasunean jarduten gara eta emakumearen ikuspegitik ere nabari dugu ahalduntze hori. Ahalduntzea bizitzaren arlo ezberdinetan, bai profesionalki, bai pertsonalki, eta baita gure harremanetan ere. Erronka bat izan da guretzako, erronka garrantzitsua. Gure burua ezagutzeko modu bat izan da, gure burua sakonki ezagutzeko modu bat. Gorabehera asko izan ditugu eta guztietatik ikasi dugu. Lehen esan dugun bezala, ikasketa prozesu bat da, gure gaitasunak ezagutzeko balio izan digu, ezagutu eta lantzeko. Beraz, ekintzaile izateak profesionalki asko eman digu baina pertsonalki ere bai, sakontze prozesu horretan, emakume ikuspegitik, ahalduntzeko estrategia bat ere izan dela esan genezake.

Zentzu horretan ekintzailetza aldaketak eragiteko bidea ere badela esan genezake, ezta?

Ekintzaile izatea jarrera kontua dela uste dugu. Badu jarreratik eta badu esperientziatik ere. Ekiteko ibilbide bat edukitzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu.

Ekintzailetza sozializatu egin behar dela uste duzue. Zergatik?

Bai, sozializatu egin behar da, gizarteratu, ulertarazi. Ekintzailetza mota asko dagoela erakutsi. Zer den, zer egiten dugun, nola egiten dugun, zer gertatzen den… Eta ezagutaraztea, gizartean beste gauza asko bezalaxe, berdintasunarekin gertatzen den bezala, beti da onuragarria.

Eta zertarako? Ba uste dugulako gizarteak ez duela ekintzailetza ulertzen. Lan arloa modu askotara ulertu daitekeela erakutsi behar da. Gaur egun lan arloan presentzialismoaren eredua oso errotuta dago, eta lan egiteko modu asko dagoela ikusarazi behar da. Ekintzailetzak erakutsi dezake hori. Ez bakarrik egon, baizik eta pentsatu, ekin, toki askotan lan egin, jende askorekin, espazio ezberdinetan.

Bizitzak arlo asko dauzka gainera, pertsona gauza asko da, ez da bakarrik lana, zaintza ere bada, izatea, pertsona bera. Lan eredu berriak, lan egiteko forma berriak, gauza guzti hoiek uztartzea ahalbidetu dezake. Ekintzaile eredu eta mota berriak ezagutaraztea garrantzitsua da. Lan egin eta gustora egon, eta zure jardunari eta arlo profesionalari etekin handiena ateratzea, posible da. Ekintzailetza zentzu horretan bide ona dela iruditzen zaigu.

Erreferenteak egotea, beraz, ezinbestekoa dela uste dugu, eta elkarrizketa hauek, adibidez, gauza ezberdinak egiten dituzten pertsonak ezagutarazteko balioko dutela argi dago, gauzak ezberdin egiten dituzten pertsonen erreferenteak sortuko baitira.

Eskerrik asko Idoia eta Miren zuen lanarekin Urola Garaiko garapenean laguntzen duzuelako

 

« »