LARRAITZ
URRESTILLA
GAIN
Enpresa coaching-a eta mindfulness
K O N T A K T U – D A T U A K
Elizkale 9, 20700 ZUMARRAGA
e posta: hola@somosgain.com
webgunea: www.somosgain.com
Larraitz Urrestillak 10 urte daramatza enpresa coaching-a eta mindfulness-a lantzen. “Nere jarduera pertsonengan oinarritzen da. Pertsonaren ongizatea nahiz esperientzia profesionala hobetzeko egiten dut lan”. Enpresa munduan aritzen da batez ere, eta lan-esperientzia aldatzeko bideak jendearen eskura jartzeaz arduratzen da, erakundearen emaitzak hobetuz. “Pertsonek beren onena eman dezaten ahalbidetzea du helburu coaching-ak”. Hala, besteak beste, auto-konfiantza edo eta estres emozionala murrizteko teknikak landuz, komunikazioa, lan taldeen kudeaketa edo eta salmenta teknikak hobetzea lortzen dute Larraitzek trebatutako pertsonek.
Zergatik hartu zenuen ekiteko erabakia?
Ekin aurretik 10 urte egin nituen enpresa munduan lanean. Kooperatibetan egin nuen lan eta asko ikasi nuen bertan. Enpresa munduko praktika onak ikasteko aukera izan nuela esango nuke. Baina gauza berriak probatzea beti gustatu izan zaidanez, kooperatiba mundua utzi eta enpresa pribatu batean lanean hastea erabaki nuen. Bi urte besterik ez nituen eman, oso esperientzia txarra izan bainuen bertan. Enpresa munduan zer ez den egin behar ikasi nuen behintzat (barre egiten du).
Hala, krisiladi horren ondorioz ekin nion bideari. Ordurako enpresa coaching-aren inguruko formazioa jasotzen hasia nengoen. Bazen buruan zebilkidan ideia bat, noizbait etorkizunean nere ibilbide profesionala honekin lotzea aukera bat izan zitekeen.
Baina azkeneko enpresaren esperientzia txarra zela eta, momentua izan zitekeela pentsatu nuen. Zergatik ez? Ondo ateratzen bazen ondo, eta bestela ere aberasgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan.
Nolakoa izan zen hasiera?
Egia esan, gauzak ez nituen oso argi hasi nintzenean. Baina ez neukan ezer galtzeko, aurreko enpresan gaixotu ere egin bainintzen. Ez zen beraz, nire nahia hasieran, piskat bat egoerak bultzatuta egin nuela iruditzen zait. Baina zortea izan nuen eta hasera oso ona izan nuen.
Coaching-a edo mindfulness-a bezalako metodologiek duten garrantziaz jabetzen ari dira geroz eta enpresa gehiago. Aldaketak eragin ditzakete eta onurak dakarzkie enpresei. Aspaldi ohartu dira hortaz eredu kooperatiboetan oinarritutako enpresak eta zenbaitetan ezaguna nintzenez askorekin lan egiteko aukera izan dut hasieratik.
Dagoeneko 10 urte daramatzat coching-a eta mindfulness-a enpresekin lantzen.
Zer da enpresa coaching-a?
Enpresa coaching-ak enpresetako produktibitatea eta errendimendua sustatzea ditu helburu. Lidergoa, komunikazioa edo eta lan-giroa bezalako faktoreak hartzen ditu kontutan. Zerbitzua eskatzen duen enpresak behar zehatz bat edukitzen du eta behar horretara moldatutako lanketa egiten dut bakoitzarekin. Coaching-a eta mindfulness-a dira nire herramintak.
Hala, denboraren kudeaketa, produktibitatea, langileen arteko harremanak, komunikazioa, bezeroarekiko harremanak edo talde-lana landu ditzakegu. Edo eta lidergoa. Edozein arlotan buru izateko oinarrizko trebetasunak garatzen lagun dezake coaching-ak. Baita baloreak edo kultura indartu nahi direnean. Taldearen zentzua indartzeko, kideen arteko harremanak hobetzeko eta helburu komunak indartzeko. Taldeak xedeen edo interesen arabera lotzen dira. Karguaz, erantzukizun mailaz edo eginkizunez haratago, edonorentzat ere erabiltzen da coaching-a lan arloan. Pertsonaren helburu profesionalak birbideratzea izan dezakete helburu batzutan enpresa askok, baita bere trebetasunak eta talentuak indartzea ere. Kasu hauetan interes berezia izaten dute erabakiak hartzeko, gatazkak konpontzeko, estresa kudeatzeko, edo eta sustapen-prozesuetan nahiz aldaketa-egoeretan laguntzeko.
Lanketak taldekakoak edo banakakoak izan daitezke eta askotan coaching pertsonalaren zenbait lanketa ere egiten dira. Izan ere, bizitza pertsonaleko arazoak isladatzen baitira arlo profesionalean.
Orain zentroa ere baduzu.
Bai GAIN Ongizate Eskola 2019ko maiatzean ireki nuen Zumarragan. Esperientzia pertsonal baten ondorioz egin nuen. Nere alaba batek laguntza psikiatrikoa behar izan du gaixotasun baten ondorioz. Oso egoera zaila eta gogorra bizi izan du. Bai berak eta baita inguruan gaudenok ere. Ingresatuta eman du denbora bat eta nere sorpresarako, herriko beste familia batzuk ere topatu nituen bertan. Gipuzkoan dauden 8 plazatatik 3, gure herrietako gaztetxoak ziren.
Horrela sentitu nuen herrian zerbait egin behar nuela, nere ezagutza baliatuz lanketa egin nahi nuela, arazoak izan zitzaketen haur edo gazteen ingurukoekin, gurasoekin, batez ere. Beti kanpoan aritu izan naiz lanean eta pentsatu nuen herrian zerbait egiteko momentua zela.
Hala, pare-parean, “La muñeca de trapo” jantzi denda zuen Karmelek erretiroa hartu behar zuela jakin nuen. Eta lokala ikustea erabaki nuen. Jasangarria zen zerbait egin nahi nuen, gainera, gertu. Banekien egurrezko zorua zuela, eta ezaugarri hori oso garrantzitsua da niretzat. Aproposa iruditu zitzaidan. Bazen buruan nerabilen zerbait, noizbait egingo nukeena seguraski, baina orduan egitea ez zen asmoa berez. Hala ere, momentu hortan behar hori sentitu nuen eta zentroa ireki nuen.
Negozio ikuspegi batetik baino gehiago bihotzetik egin nuen. Jasotzeko baino gehiago emateko balio dit. Baina neretzako ere pertsonalki onura bat da, pilak kargatzen dizkit.
Orain, beraz, bi arloak uztartzen ditut: enpresa coching-a eta garapen pertsonala.
Zeintzuk dira GAINek eskaintzen dituen zerbitzuak?
Esan bezala, bi arlo lantzen ditut. Pertsonen ongizaterako eta euren esperientzia profesionala hobetzeko egiten dut lan.
Coaching-ak pertsonei, beren buruarengandik ikas dezaten laguntzen die, ez da ezer irakasten, norberak egiten baitu lanketa, coach-ak emandako herramintak baliatuz. Bezeroek diotenez, coaching-ak bere buruarengandik onena ateratzea lortzen du. Fokalizatzeko, zereginak banatzeko eta nork bere balioak ezagutu eta argitzeko.
Coaching-a elkarrizketa bat da, coach-ak eta bezeroak elkarri eragiten dioten truke-dinamika bat. Helburuak lortzeko, mobilizatzeko.
Nik enpresa munduan aplikatzen dut, batez ere, baina bizitzaren arlo guztietarako balio du.
Enpresa coaching-a pertsona batek bere lana maximizatzeko duen potentziala aurkitzea da. Pertsonen kudeaketaren barruko metodologia bat da, langileen lana indartzea helburu duena, gizabanakoak eta haien talentuak eta trebetasunak kontuan hartuta. Giza baliabideen garapenaren parte da coaching-a, eta zeregin garrantzitsua du erakundearen helburuak lortzeko eta lidergoa indartzeko.
Hala ere, eta lehen aipatu dudan bezala, arlo profesionala eta arlo pertsonala bereizi ezin daitezkeen pertsonaren bi alde dira. Batek bestearengan eragiten du zuzenean.
Bi arloak jorratzen ditut beraz, lanketa izaten da aldatzen dena.
Gizartean orokorrean beharra badagoela uste dut, baina baita gure herrietan ere.
Enpresa coaching-a enpresan bertan lantzen dut eta gainerako lanketak zentroan egiten ditut. Enpresa coaching-a enpresa handietan egiten dut gehienbat, halako zerbitzuak kontratatzeko baliabide ekonomikoak dituztenetan. Besteak beste, Arrasaten, Bilbon, eta Igorren egin izan dut lan. Urola Garaian enpresa arloko aholkularitza gutxi egin dut, enpresa txikiak direlako gehienak. UGGASAren bidez egin nuen zerbait eta baita Bellotan ere. Baina hemen ez da erraza.
Garapen pertsonala zentroan lantzen dut. Inguratzen diren bezeroak, gehienak, 40 urte inguruko emakumeak dira. Familia kargak arindu dituztenak, eurentzako denbora gehiago hartzen hasi direnak, eta batez ere, dituzten arazo eta ahuleziak errekonozitzeko inungo konplexurik ez dutenak. 60 urte inguruko emakumeak ere inguratzen dira. Gizonezkoek konplexu gehiago dituzte (barre egiten du) eta hauek gehiago hurbiltzen dira mindfulness-era. Estresa kudeatzeko denez, sozialki hobeto ikusia dagoela uste dutela iruditzen zait.
Banakako lanketak eskaintzen hasia naiz, baina momentuz jendeak gehien eskatzen duena yoga da. Aldian aldiko beharretara egokitzen saiatzen naiz baina asmoa gehiago, mindfulness-a lantzea da.
GAINek era integral batean ongizatea lortzen lagunduko duen eskola izatea du helburu. Elikadura, reikia, ordena edo aromaterapia ere landu izan ditut, eta bide horretatik jarraitu nahi dut.
Nere erronka nagusia, lantzen ditudan bi arloak orekatzea izango da. Enpresa coaching-a piska bat jaitsi (orain hori da nere ogibide nagusia) eta garapen pertsonalaren arloan lan gehiago egin.
Larraitz, zer da zuretzat ekintzailetza? Ekiteko ezaugarri berezirik behar dela uste duzu?
Ekitea nere ustez, zuk duzun hori, baliotsua den hori ematea da. Zerbait eskaintzeko baduzula uste duzunean, zerbait zehatza, ona zaren hori.
Lanaren kontzeptua aldatzen ari dela uste dut. Geroz eta gehiago egiten da lan proiektuka. Espezializatu egin behar da jendea gauza jakin batean aritzeko. Gauzak hortik joango direla iruditzen zait eta ekintzailetzak horretarako balio dezakeela uste dut.
Ekintzailetza filosofia bat dela deritzot. Etengabe ikastea, ikertzea, haztea da nere ustez. Iruditzen zait eskolatik bultzatu beharko litzatekeela joera hau, normalizatu egin beharko litzatekeela.
Gizarte mailan ikuspegia zabaldu behar dela uste dut. Beldurrik ez eduki gauzak frogatzeko, beldurrik ez eduki porrot egiteko. Ikasketa prozesu bat izan behar da, aberasgarria zentzu guztietan. Baina inguruak ez du asko laguntzen, beste eredu batzuk oso errotuta daude eta. Gainera gizarte bezela arrakasta izatea zer den eta zer ez den bereizten ikasi behar dugula iruditzen zait.
Barne ekintzailetza ere garrantzitsua dela uste dut. Lehen eskulanaz hitz egiten zen eta gaur egun, talentuaz ari gara. Zerbaitetan ona zarenean gertatzen da hori. Hori da gakoa.
Ekiteko ezaugarri edo baldintzen inguruan esan, ekintzaileak oso ondo jakin behar duela zertan den ona, eta zer daukan besteei eskaintzeko. Oso argi eduki behar du baita ere ze proiektu egin behar dituen eta zeintzuk ez, nora jo nahi duen, nora heldu, zertan espezializatu nahi den. Askotan arriskua egoten da, eta badakit neri ere gertatu izan zaidalako, besterik egon ezean gustukoak ez diren proiektuei ere heltzen zaiela. Baina hori egin behar ez dela uste dut, kontrakoa dirudien arren, beste gauza batzuei atea isten egon gaitezke eta.
estalde, ekiteko segurtasun ekonomikoa ere behar dela uste dut, baita segurtasun emozionala ere, bidea gorabeheratsua izaten baita.
Zein da ekintzaile bezela egiten duzun balantzea?
Orain atzera begiratu eta gehiegi lan egin dudala iruditzen zait, eta damutzen naiz, bidean beste gauza batzuk galdu ditudala konturatu naiz eta.
Ekintzailearen bidea gogorra da. Ez da batere erraza. Mugak jartzea oso zaila da. Ekinaren ekinez ikasten da hori. Ni orain ari naiz prozesu hori lantzen.
Izan ere, ezetz esatea zaila da, ez baitakizu horrek zein ate ireki edo itxiko dizkizun. Askotan lan asko pilatzen da. Ez da erraza bezero berriak lortzea zuk nahi duzun momentuan.
Niri adibidez, urte sasoi batzuetan pilatzen zait lana. Enpresen zikloaren arabera gertatzen da hori. Adibidez, urte bukaeran eta uztaila-iraila bitartean, enpresa arloko lan produktiboa jeitsi egiten zait. Enpresak urte bukaeran, esaterako, urtea istera daukate zuzenduta begirada, eta urte berrirako planifikazioa egiten ari dira. Momentu hauek, hortaz, beste lan mota bat egiteko erabiltzen ditut. Proposamenak eta aurrekontuak lantzeko, eta baita formaziorako ere, ikasteko, irakurtzeko, idazteko.
Egia esan beti izan dut argi ze motatako proiektuak egin nahi nituen. Eta hau garrantzitsua dela iruditzen zait, norabidea argi edukitzea, alegia. Garapenean espezializatu nahi izan dut beti, eta bide hori jorratzen saiatu naiz.
Eskerrik asko Larraitz zure lanari esker Urola Garaiko garapenean laguntzen duzulako.