MAITANE
ORMAZABAL

MAITANE ORMAZABAL

Eraldaketarako eta Bizitza Integralerako Aholkularitza


K O N T A K T U – D A T U A K

eposta: info@maitaneormazabal.com
Webgunea: https://maitaneormazabal.com
Facebook: https://www.facebook.com/maitane.ormazabal

Maitane Ormazabal zumarragarrak eraldaketarako eta bizitza integralerako aholkularitza sortu zuen iazko uztailean. Pertsonei beren nahiak lortzen laguntzen die. Hala egin izan du beti. Orain arte beste bide batzuk erabili ditu. Erizaintza laguntzaile, gizarte integratzaile eta heziketa bereziko irakasle lanetan aritu da urte askoan. Iazko uztailetik bide berri bati ekin dio. Pertsonei ezohiko bizitzak bizitzen laguntzeko tresna, baliabide, estrategia eta trebetasunak eskeintzea da bere xedea. Maitanek bere bizitza pasioz bizi du, bihotzez gehien maite duena egiten du eta bere onena besteei emateko hautua egin du.


Bide hau hartzea erabaki zenuen. Zergatik?

Erizaintza laguntzaile, gizarte integrazio eta irakasle ikasketak burututa leku askotan lanean ibilia naiz. Azken boladan baneramatzan zenbait urte Urretxu-Zumarraga Ikastolan. Gustura nenbilen bertan baina nere tokia ez zela sentitzen nuen, ez nuela nere onena ematen. Azken finean, bizitzan, gu guztion misioa hori da ezta? Norberak daukan onena ematea, alegia.

Ikasten jarraitzen nuen. Lana eta ikasketak uztartu nituen denbora luzez. Lehen Hezkuntzako Pedagogia Terapeutikoan graduatu nintzen eta elikadura eta osasun integralaren inguruan formazioa jasotzen hasi nintzen.

2018 urte bukaera aldera oso gertuko pertsona batek lan kontuengatik eta estresagatik behea jota, gauzak aldatzeko erabakia hartu eta egoera kudeatzeko laguntza eskatu zuen. Gerora nere irakaslea izango zenarekin egin zuen lanketa. Hain ondo joan zitzaiola ikusita ni ere lanketa egiten hasi nintzen. Aspalditxo hasita neukan autoezagutzaren bidean beste urrats bat eman nuen. Nere garapen pertsonal propioa landu eta gauza askoren inguruan kontzientzia berriro hartzen lagundu zidan, batik bat.

Hala, 2018 abenduan erabakia hartu eta hura nere azken ikasturtea izango zela adierazi nuen ikastolan. Gogoratzen dut esan nueneko momentua, horren beharrezkoa nuen nere barrenari entzun eta pausoa ematea, oso lasai eta zoriontsu sentitu nintzela. Ez nekien handik aurrerako bidea zein izango zen, baina argi neukan hura, ez zegokidala.

Nere garapen pertsonalaren lanketa hark eman zidan handik aurrera hartuko nuen bidearen ikuspegia. Pertsonei euren bidea egiten laguntzen ibili izan naiz beti eta orain ere hala dihardut, baina beste bide bati ekinez, nere bidea jorratuz.

Zertan datza eraldaketarako eta bizitza integralerako eskeintzen duzun aholkularitza?

Pertsonei beren nahiak lortzen laguntzen diet. Ezohiko bizitzak bizitzen laguntzea da nire xedea. Ezustean bide batean sartzen gara eta hortik jarraitzen dugu, gure bidea den edo ez zalantzan jarri gabe. Eta askotan bide horrek ez gaitu betetzen.

Hori argi daukat, bizitza bizi egin behar da, eta ez du merezi bizi irautearekin bakarrik konformatzea. Sarritan bizitzak astintzen gaituenean hartzen dugu gauza horien kontzientzia. Eta gauzak aldatzeko beharra sentitzen dugu orduan. Izan ere, zu aldatzen bazara, mundua aldatzen da, dena aldatzen da.

Niri ere hala gertatu zitzaidan. Bizitza beste begi batzuekin ikusten hasi nintzen, eta hitz eman nion neure buruari nire bizitza erabat biziko nuela.

Denbora horretan ikasi nuen pertsonaren bizitza inguruabarrek ezik pentsamoldeak baldintzatzen duela. Horregatik, ondo bizitzeko lagungarri izango zitzaizkidan tresnak, baliabideak, estrategiak eta trebetasunak aztertzearen alde egin nuen. Eta horiek jendeari eskeini ahal izateko sortu nuen aholkularitza kontsulta, besteek ere bizitza nik ikusten nuen bezala ikusteko aukera izatea nahi nuen eta.

Hazkunde integralaren bidez, bizitza eralda dezakegu gure bizitza propioaren ardura eta gidaritza eskuratuz.

Nolakoa izaten ari da zure ibilbide berriaren hasiera?

Ondo doa. Nere hastapenetan abantaila izan nuela uste dut. Nire irakasleak asko lagundu zidan eta. Berak bideratzaile izateko gaitasuna banuela ikusi zuen eta kontsulta irekitzera animatu ninduen. Bidea eginda zuenez, bere gidaritza oso baliagaria egin zitzaidan. UGGASAra ere jo nuen eta bertan formakuntza jaso nuen nork bere enpresa sortzeko oinarrien inguruan. Jaso nuen laguntza teknikoa oso probetxugarria egin zait. Babesa sentitu dut.

Ibilbide berri hontan oso argi neukan lana eta familia uztartu nahi nituela eta hori lortu dut. Gainera haseran nituen lan espektatibak bete egin dira. Herriotan bada beharra, jendea inguratu da kontsultara. Pentsa Urretxu-Zumarragan zenbat yoga, meditazio, ongizate etab. eskola dauden. Hori behar bat badagoelako izango da eta behar hori asetzeko sortu dira. Baina ez da hemen bakarrik gertatzen den zerbait, orokorrean gizartean gertatzen da.

Jendea kontsultara etortzen da eta online ere egiten dut lan.

Online egitea ez al da jendearekin lan egiteko modu hotzagoa?

Hotzagoa dirudien arren neretzat abantaila bat dela aitortu behar dut. Uste dut ez dagoela interferentziarik eta segituan gaiarekin hasteko aukera ematen duela. Gehiago zentratzeko aukera emango balu bezala. Errazagoa eta erosogoa ere bada, bai neretzat eta bai kontsultatzailearentzat. Edozein lekutan lan egiteko aukera ematen dit. Gogoan dut, adibidez, kanpora joan nintzen batean, hiru sesio-hitzordu neuzkala, eta online lan eginda bidaia eta lana uztartu ahal izan nituela. Bestela bietako bat bertan behera utzi behar izango nukeen. Norbaitek esango luke horrela ez dudala “deskonektatzen” baina ez zait batere axola, disfrutatu egiten baitut nere lanarekin. Jendearen ordutegira moldatzen saiatzen naiz, malgutasuna emanez, hori errespetatzea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Zein gerturatzen da zure kontsultara?

Gehienbat 25-50 urte bitarteko emakumeak direla esango nuke. Baina denetik etortzen da; emakumeak eta gizonak, gaztetxoak eta helduak.

Orokorrean krisian dagoena gerturatzen da, astinduren bat jaso duen hori (inguruko heriotza bat, banaketa bat…) edo bestela kontzientzia hartu duen hori. Pertsona krisian sartzen denean galdera asko egiten ditu, gauza asko zalantzan jartzen ditu.

Gizarteak txip-a aldatu behar duela uste dut eta nork bere buruari begiratzeko denbora hartu beha duela, galdetzeko, sentitzeko, jakiteko. Kontziente izateko. Zerbait gertatu arte ez itxaroteko. Galderak egiteari, erantzunak topatzeari, beldurra kendu behar diogu. Askotan horrek geldiarazi egiten baikaitu.

Inguruak asko baldintzatzen gaituela uste dut, lotu egiten gaituela. Gure boterea berreskuratu behar dugu. Orain dugun botere posizionalaz haratago botere pertsonala berreskuratu behar dugu.

Norberak jakin behar du zertara etorri den mundu hontara, zerk egiten duen zoriontsu eta horren bila joan behar da. Bakoitzak bere onena ematea lortu behar du. Gure garapenen pertsonalean sinestu behar dugu.

Bizitzeko jaio gara, ez bizi irauteko.

Kontzientzia maila hori ez dago berez adinarekin erlazionatuta, nerabezaroak ere astintzen baitu, eta bada hala hurbiltzen denik. 15 urterekin gauzak oso argi dituen gazte asko dagoela uste dut. Berriki nerabe eta gazteentzat liburu bat idatzi dut “No eres malo, eres… Tú tienes la respuesta”.

Zein da zure erronka nagusia?

Ahalik eta jende gehiagori bizitza integrala edukitzen laguntzea gustatuko litzaidake, kontzientzia zabaltzea. Euren arazoak konpontzeko eta nahi duten hori lortzeko gakoak eskeini ahal izatea nahiko nuke.

Gizartean aldaketak ematen ari direla uste dut, baina oraindik ondo ezarritako ereduak oso presente daude, lan finkoa eduki behar dela, etxea erosi, ezkondu, seme alabak eduki behar direla. Badakizu. Ereduetatik aldentzen den hori onartzea zaila egiten zaigu oraindik ere.

Gauzak ezberdin egiten dituen jendearen erreferentziak falta zaizkugula uste dut eta elkarrizketa hauek alde hortatik oso ideia ona direla iruditzen zait, jendeak beste erreferente batzuk eduki ditzakeelako, bizi proiektu ere badiren proiektu profesional ezberdinak aurkezten direlako.

Nere kasuan ere hala egin dudala uste dut. Nik hartu dudan erabakia nere semeentzat ikasketa prozesu bat ere badela uste dut. Beti esaten diegu nork bere bidea hartu behar duela eta nik nire ereduarekin hori egin daitekeela erakutsi nahi diet.

Zer esango zenioke ekin nahi duen horri?

Dauden arriskuak kontutan hartu behar dituela esango nioke, badaitekeelako itxaropenak nahi bezela ez betetzea. Goitibehera handiak daudela baina porrot egiteari beldurra kendu behar zaiola uste dut. Azken finean ekitea bera ikasketa prozesu bat ere bada eta. Oso aberasgarria.

Iruditzen zait ekiteko interferentzia asko dagoela, eta pentsamoldea aldatu behar dela.

Ekitea erabaki ausarta dela uste dut eta ekintzaile guztiak zoriondu beharko liratekeela, jende ausarta delako, gauzak ezberdin egin nahi dituen jendea delako.

Nork bere buruarengan sinestea oso garrantzitsua da eta uste dut ekintzaileak baduela hortik puska bat. Txalotzeko jarrera dela iruditzen zait.

Etorkizunean ekintzailetzak geroz eta indar handiagoa hartuko duela esango nuke. Lan eredu berria bihur daitekeela.

Hala ere, ekintzaileek indarrak batu beharko lituzketela iruditzen zait. Elkarlana, lankidetza indartu beharko litzatekeela uste dut eta sarea sendotu.

Eskerrik asko Maitane zure lanarekin Urola Garaia garatzen laguntzen duzulako.

 

« »