OIHANA
RODRIGUEZ
ANEI
Haurren oinetakoak
K O N T A K T U – D A T U A K
Kale Nagusia 13, 20320 Legazpi
Facebook: https://www.facebook.com/anei.haurrenoinetakoak
Instagram: aneihaurrenoinetakoak
Oihana Rodriguez legazpiarrak ANEI Haurren Oinetakoak denda ireki zuen iazko apirilean, Kale Nagusiko 13. zenbakian. “Oinetako aproposenak ez ezik prezio eskuragarrienak ere eskeintzen ditut. Izan ere familien gastuan, ehungaiek hartzen dute zatirik handiena, batez ere haurrak badaude. Gurasoek euren haurrei, hazkuntza dela eta, oinetakoak berritu behar izaten dizkiete etengabe”. Behar hortaz jabetuta prezio txikiko oinetako denda irekitzea otu zitzaion Oihanari. Haurrentzako oinetako politak, modakoak eta salneurri txikiagoan. Bere lanbidetik eta bere ama izaeratik hitz egin digu.
Zergatik hartu zenuen erabakia?
Bizi osoa eman dut lanean, 18 urterekin hasi nintzen. Denda ireki baino lehen, baziren 6 urte lanik egiten ez nuela, bi haur izan baititut. Lan egiteko beharra sentitzen nuen, pertsonalki behar nuen. Baina argi neukan amatasuna ere gertutik bizitzen jarraitu nahi nuela. Lana eta familia uztartu nahi nituen eta dendak, ordutegi aldetik batez ere, umeekin egoteko aukera ematen dizan. Dendako ordutegia moldatzen dut familiako beharretara.
Dendaren ideia ere argi neukan. Beti gustatu izan zait moda, erropa, zapatak. Eta haurrak, haurren mundu txiki-handia. Bestalde, ama izateak zenbait beharrez jabetzeko aukera ere eman dit eta horietako bat asetzeko sortu nuen ANEI, haurrentzako oinetako denda.
Gainera, denda bat itxi behar zela jakin nuen. Non eta Kale Nagusian. Ez dakit kasualitatea izan zen edo nik bilatu nuen kasualitate hura. Egun batean dendara sartu eta jabeari esan nion: “Nik hartuko dut denda”. Sinetsita esan nion, uste osoz.
Zer eskeintzen digu ANEIk?
Dendan 18 zenbakitik 36ra bitarteko oinetako politak, modakoak eta salneurri eskuragarrian eskeintzen ditut. Eta martxotik aurrera 41 zenbakirarteko eskeintza edukiko dut. Nire egoera pertsonalak berak familia gastuaren afera oso presente edukitzera behartzen nau. Familian kide berriak edukitzea pozgarria da oso, baina etxea goitik behera aldatzeaz gain, familia aurrekontua ere asaldatzen du.
Jendeak badaki nik nere dendan nere bi seme alabentzako oinetako aproposenak ditudala. Eta igarri egiten dut. Bezeroak nerekin identifikatu egiten dira, eta ni eurekin. Jende askok eskertu dit denda ireki izana.
Ze aholku emango zenituzke haurrei oinetakoak erosterako orduan?
Oinetakoen puntak forma biribila eduki behar du, behatzen erosotasuna zaindu behar baita. Neurriko oinetakoa erosi behar da, ez da komeni oinetako handia erabiltzea, denboran iraun dezan, ez eta estu xamarra ibiltzea. Neurria ondo dagoen jakiteko modu bat haurrak oinetakoa jantzita duenean gure hatza bere orpoa eta oinetakoaren artean sartu ahal izatea litzateke.
Bestalde, oinetakoa malgua eta ez labaingarria izan behar da, ez baitugu nahi irrist egina eror daitezen. Ahal bada material nobleak hobetsiko nituzke, tela, larrua, etab. Eta botei dagokienez, orkatila eragozpenik gabe tolestu dezaketela bermatu behar dugu.
Nolakoak izan dira ANEIren hasierako hilabeteak?
Hasiera ona izan da. Apirilean ireki nuen eta udako salmentak, adibidez, oso ondo joan dira. Udako salmenta bi hilabetetan kontzentratzen da eta hilabete oparoak izan dira. Negua luzeagoa da eta salmentak ere sakabanatu egiten dira. Baina oinetako gehien neguan erosten da eta salmenta ona izatea espero dut. Orain garaiz da balantze bat egiteko, baina gustura nago. Jendeak harrera ona egin dio dendari.
Eta ekintzaile bezala, zer nolako balantzea egiten duzu? Ibilbidea nolakoa izan da?
Ideia banuela UGGASAra jo nuen, lagun batek gomendatuta. Laguntza handia jaso nuen bertan. Ideiak ibilbidea ba ote daukan jakiteko bideragarritasun plana egiten lagundu zidan Amaiak, ekintzailetza teknikariak. Izan ere, zuk ideia eduki dezakezu, baina ezinbestekoa da ideia hori errentagarria izan daitekeen edo ez jakitea. Horrek ziurtasuna ematen dizu. Nolabait zure ideia “ontzat ematen” duzu eta indarra hartzen duzu. Hori da abiapuntua.
Ondoren ere, prozesu osoan zehar laguntza jaso nuen, ze pauso eman behar nituen, ze laguntza eska nitzakeen, etab. UGGASAko teknikariak azaldu ez balizkit, gauza askoren berri izango ez nukeela uste dut. Alde hortaik, alde burokratikotik, ekitea erraza dela esango nuke, oso babestuta baitzaude.
Benetako burukomina beste gauza batzuk sortzen dute (barre egiten du). Haserako zalantzak, denda “eraikitzeko” lanak, dekorazioa, materialak, antolaketa, oinetakoak erosi, zer, zenbat, etab. Baina hasiera guztiak bezalaxe, nere hasiera ikasketa prozesua izan da, eskarmentua hartu dut, ikuspegia lantzen ikasten ari naiz.
Non ikusten duzu zure burua hemendik 5 urtera? Zein da zure erronka nagusia?
5 urte? Batek daki! Hemen jarraitzea espero dut (barre egiten du). Eta hemen ez bada agian besteren batean. Behin ekin diot eta berriro ere egingo nukeela uste dut ANEIk jarraituko ez balu. Ez diot beldurrik “porrot egiteari”. Bideak hasi eta bukatu egiten dira, batzuk lehenago eta beste batzuk beranduago. Baina bide berriak ireki ditzakegu, ezta?
Gaur ANEI daukat esku artean, ilusio handiz sortu dut. Eta gogotik ari naiz lanean. Etengabe berritzen saiatzen naiz eta orain online salmentari ekingo diot. Webgunea sortuko dut eta nere erronka, Legazpitik haratago, merkatua zabaltzea izango da. Ez dakit nola joango den, baina froga egin nahi dut.
Zer esango zenioke ekiteko gertu dagoenari?
Pausoa eman dezala esango nioke. Ideia eta ilusioa badu, saiatu gabe ez dadila geratu. Ideia eta ilusioa ez dira nahikoa, noski, oso konsziente izan behar zara egon litezkeen arriskuez, eta gauzak ondo aztertu behar dira. Baina ni ere animatu ninduten eta hementxe nago. Nork bere kabuz lan egiteak sinesten duzun hori aurrera ateratzeko aukera ematen du, autonomia, kontrola ematen dizu.
Enpresa handietako ingurunea askotan gogorra izan daiteke. Barne politikak itogarriak izan daitezke eta energia asko ahitzen da. Jerarkia, prozesu nahiz eskaera geruzak eta geruzak daude.
Ekintzaile gisa, zuk duzu ardura eta horrek askotan gogobetetzen zaitu.
Eskerrik asko Oihana zure lanarekin Urola Garaia garatzen laguntzen duzulako.