JUAN CARLOS
AUSIN

Innventa Energia

Energia Berriztagarrien eta Mugikortasun Elektrikoaren esparruko aholkulari independentea

INNVENTA ENERGIA

 


Juan Carlos Ausín, energia berriztagarrien eta mugikortasun elektrikoaren esparruko aholkulari independentea, sektorean 15 urtetik gorako esperientzia duena ezagutzek aukera izan dugu eta, era berean, berak bultzatu duen MYBIK-e proiektua zertan datzan azaldu digu.

Noiz hasi zinen mugikortasun iraunkorraren arloan lanean?

Innventa Energía sortu aurretik, Gamesa edo CAF enpresetan lan egin nuen energia berriztagarrien arloan. Ni bizikletaria naiz eta ikusi nuen motorizazioaren kontzeptua ez zegoela optimizatuta sektore honetan. Hori dela eta, nire bi pasioak uztartu eta 2018an Innventa Energía abiaraztea erabaki nuen.

Zein dira Innventa Energíak sektore ezberdinei eskaintzen dizkien zerbitzu nagusiak?

Innventa Energían bi arlotan lan egiten dugu: energia berriztagarrietan eta mugikortasun elektrikoan. Ingeniaritza fotovoltaikoko proiektuak garatzen ditugu eta administrazioei aholkularitza ematen diegu lizitazio-prozesuetan. Gezurra badirudi ere, ibilgailu elektrikoa oso ezezaguna da administrazio publikoarentzat. Lorezaintza-eremurako errekuntza-motordun furgoneta konbentzional bat nahi badute, erosketa-sailak edo hiri-mantentze lanetako teknikariek badakite zer ezaugarri izan behar dituen ibilgailu horrek. Administrazioak furgoneta hori elektrikoa izan behar duela erabakitzen duenean, ordea, arazoak hasten dira. Guk aholkua eskaintzen diogu administrazioari (edo enpresa pribatuari) ibilgailu horiek erosteko prozesuetan, bai ibilgailu elektriko berri bat erosteko, bai bizikleta elektriko partekatuen zerbitzu bat kontratatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Lege Organikoaren baldintza berriak betez.

Zertan datza eta zer eskaintzen du Mybik-e-k? Proiektua abian jarri duzueneko adibideren bat eman diezagukezu?

Innventa Energían prestakuntza-ikastaroak zein aholkularitza-zerbitzuak eman eta sektore horietako startup delakoei produktu berrien eraberritze-prozesuan laguntza eskaintzen ditugu.

Horretaz gain, guk berrikuntzaren arloa lantzen dugu. Ibilgailu arinentzako motorrak diseinatu eta fabrikatzen ditugu, eta Mybik-e hiriko bizikletentzako motorraren kontzeptu berri bat sortu dugu, isila, indartsua, arina eta birsortzailea. Jaitsierak eta balaztatzeak baliatzen ditu energia sortzeko. Orain merkaturatze-prozesuan gaude. Mybik-e sistema ezin hobea da hiri-ingurunean modu eroso eta jasangarrian mugitzeko. Gaur egun, Mybik-e motorra duen erakusle bat daukagu Hondarribiko kirol-portuan. Era berean, hainbat bizikleta-fabrikatzailerekin harremanetan gaude berau merkaturatzeko.

Zer erronka nagusi ditu gure lurraldeak mugikortasun elektrikoari dagokionez? Zer ekarpen egin dezake Innventa Energíak alor horretan?

Erronka nagusia hiriak deskarbonizatzea da. Aski frogatua dago zein kaltegarria den aire kutsadura gure osasunarentzat. Errekuntza-motordun ibilgailuek hirietan sortzen duten kutsaduraren alternatiba gisa, ibilgailuak elektrifikatzea beharrezkoa dela uste dugu. Baina, adi, elektrikoak izanagatik ere, auto-ilarak kaltegarriak dira. Horregatik, guk bizikletari protagonismo handiagoa ematearen alde egiten dugu. Administrazioek bere erabilera sustatu behar dute, erakargarriagoa bihurtu, eta hor, oraindik egiteko asko dago.

Innventa Energían bizikleta elektrikoaren erabilera sustatzen dugu, garraiobide jasangarria, osasungarria eta edozein adinetarako egokia delako.

Kalez kaleko birkarga-puntu publikoez gain, uste duzu etorkizuna etxeko eta lantokietako birkarga-puntuen eskutik datorrela, edo oraindik ibilbide luzea geratzen da azken horientzat?

Justu kontrakoa da egoera. Jendeak etxean kargatzen du bere ibilgailu elektrikoa, bere garajean. Erronka nagusia da garajerik ez duten pertsonek beren ibilgailua kalean kargatu ahal izatea. Kontuan izan behar dugu bide publikoan elektrizitate-puntu asko daudela: farolak, semaforoak, TAO makinak eta abar ditugu, karga-puntu bihur daitezkeenak.

Zer leku du mugikortasun elektrikoak “energia berriztagarrien komunitateetan”?

Ibilgailu elektrikoak hirian barneratzen baditugu eta hauek zentral elektrikoek sortutako elektrizitatearekin kargatzen baditugu, hiriko airea garbitzea lortuko dugu, baina beste leku batean kutsadura sortzen jarraituko dugu. Aire-kutsadura murriztu nahi badugu, kargarako erabiltzen dugun energiak berriztagarria izan behar du. Ildo horretan, 244/2019 Errege Dekretuak berriztagarrietara konektatzeko beste modu bat zehazten du: auzo-komunitatea. Orain arte ez zegoen baimenduta, baina dekretu berri honekin, auzo-komunitateak instalazio fotovoltaiko bat jar dezake eta energia berriztagarria kontsumitu. Horrela, ibilgailu elektrikoa energia garbiarekin kargatzeko komunitateko karga-puntuak jar litezke garajeetan.

Nola ikusten duzu mugikortasuna eta mugitzeko modua 2050ean?

Pertsonentzako eremuak berreskuratu behar ditugu, autoei egun dutena kenduz. Horrela, berdegune gehiago eta aire garbiagoa duten hiriak izango genituzke. Argi dagoena da etxe bakoitzeko ibilgailu kopurua murriztu egingo dela.

Ibilgailu elektrikoak eta hidrogenozkoak batera existituko dute, baina lehenengoak nagusi izango dira ibilbide laburreko joan-etorrientzako. Horretaz gain, haririk gabeko karga-puntuak izango ditugu, ibilgailua aparkatzen dugunean berehala kargatzen has dadin.

 

«