UGGASA-k Biziolarekin elkarlanean, martxan jarri duen UGKoop proiektuaren baitan, ‘Asteazken Kooperatiboak’ ekimenetan lehena ospatu zen urtarrilaren 25ean. ‘Kultura begirada Kooperatibotik’ izan zen gaia eta Euskal Herriko bi kooperatiba erreferentzial izan genituen Zumarragan.
Alde batetik, Kulturaz, Azpeitian Kultura osotasunean sustatzeko kooperatiba herritarra eta bestetik, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, herritarrei eta kolektibitateari eragiten dieten esparru guztietan euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaile berriak sustatzeko kooperatiba.
Tertulia oso interesgarria, kultur arloa modu sozial kooperatiboan nola kudeatu daitekeen erakusten diguten bi eredurekin.
Beraien hastapenez, ibilbideaz, lorpenez, finantziazioaz, babes sozialaz… hitz egin ziguten eta Urola Garaian Kultur Kooperatiba propioak sortzeko bidelagun eta eredu direla argi geratu zen.