Amodio zuhaitza (Cercis siliquastrum L.)
Ez da zaila zuhaitz txiki honen izen arruntaren zergatia asmatzea, begira itzazu hostoen forma eta loreen kolorea, batez ere udan, biak galtzen baititu udazkena iristean. Fruituren bat aurkitzen baduzu, algarroboaren zorroa edo ohikoenak diren babarrun, ilar, garbantzu edo dilistarenak gogoraraziko dizkizu. Izan ere, lekaduna da, baina giza elikaduran hain garrantzitsuak diren horiek ez bezala, Cercis, zuhaitz apaingarria da. Ikusgarria da apiril edo maiatz aldera, hostoak sortu aurretik loreak enborretik zuzenean ateratzen direnean, zuhaitz hauetan ematen den koloreen kontraste deigarria.
Zuhaitz hau beste izen arrunt batez ere ezagutzen da: Judasen zuhaitza, hain zuzen. Kondaira batek dioenez, horietako batean urkatu baitzen Judas Iskariote, Nazareteko Jesusen apostolua. Bitxia da, baina antza denez, frantsesez Arbre de Judée izenaren interpretazio okerra omen da. Judeako zuhaitza izango litzateke itzulpen zuzena. Judea, gaur egun Palestina, espezie honen jatorria da, eta XII. mendean Frantzian sartu eta gerora Mediterraneotik hedatu zen. Hiru izenetatik zein duzu gustukoen?