Garapen Jasangarria

Artelatza

Artelatza (Quercus suber L.)

Hostoei bakarrik erreparatzen badiezu, artearenaren oso antzekoak direla ikusiko duzu, baina arretaz begiratu enborra estaltzen duen azalari, kortxoa da eta!

Artelatza leku bero, gune zabal eta eguzkitsuetara egokitutako espezie mediterraneoa da. Arteak baino okerrago jasaten ditu izozteak; beraz, ale onenak penintsulako hego-mendebaldean eta Afrikako
iparraldean daude.

Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan interes berezikotzat sailkatutako espezie arraroa eta puntuala da hemen. Kostaldetik gertu aurki dezakezu Gipuzkoan, Getaria eta Zarautz artean, hain
zuzen ere.

Kortxoa ehun isolatzailea da, eta zuhaitza suteetatik eta udan izaten diren tenperatura altuek eragin dezaketen ur-galeratik babesten du.

Kortxoa eskuz ateratzea sasoiko jarduera da, eta maiatzaren erdialdetik abuztuaren erdialdera baino ezin da egin, zuhaitza hazkunderik handienean dagoen garaian, eta azala berritu dezakeenean. Data
horiek urteko baldintza meteorologikoen arabera alda daitezke. Kortxoa kentzea oso jarduera delikatua da, eta zuhaitz berean 9 urtean behin eta zuhaitzak 30 urte baino gehiago dituenean soilik
egin daiteke.