Garapen Jasangarria

Ezpela

Ezpela (Buxus sempervirens L.)

Ezpelaren egurra hain da dentsoa, ez du flotatzen! Baina oso estimatua da, bere testura eta kolore horixkagatik. Ezaugarri horiei esker, tindatu eta ebanoa imitatzen duten piezak egin daitezke. Artisau-azoketan maiz ikusiko zenituen sukalderako koilara eta sardexkez gain, ezpel egurrez xake-piezak, loteriarako bolatxoak, ehoziri-lanetarako ehoziriak, fitxak, botoiak edota haize instrumentuak ere egiten dira, klarinetea, kasu.

Zuhaixka urtetsua da, 500 urte ere bete ditzake. Zuhaitz-itxura har badezake ere, ohikoena da urte osoan berde dauden zuhaixkak ikustea.

Ezpelak oso ongi jasaten du inausketa; hain zuzen, hain ongi jasaten duenez, arte topiarioan gehien erabiltzen diren landareetako bat da. Arte horren bidez, espezie begetalak erabiliz eskulturak eta apaingarriak egiten dira; halakoek pizkundeko lorategietan lortu zuten osperik handiena, Versailleskoek edo Loirako Villandrykoek, kasu.

Mehatxurik handiena Europara hedaturiko Asiako sits bat da, barrutik ateratzen zaion beldarrak ezpelaren hostoak jaten dituelako eta landarea erabat lehortzen delako. Argazkian, beldarra
oraindik osasuntsu dagoen adar baten ondoan ikus dezakezu.