Garapen Jasangarria

Gingko

Ginkgo (Ginkgo biloba L.)

Zure aurrean fosil bizidun bat duzu; espezie honen duela 145 milioi urteko hondakin fosilak aurkitu dira eta gaur egun arte iraun duen genero honetako espezie bakarra da.

Ginkgoak ugariak ziren iratzeak munduan nagusi zirenean, baina pixkanaka desagertzen joan ziren hainbat arrazoirengatik. Horietako bat dinosauroen desagertzea izan zen, euren hazi handiak sakabanatzeko gai ziren animalia bakarrenetakoak.

Ginkgoak lorerik gabeko landare baskularrak dira, botanikan gimnospermo deitzen direnak, hau da, haziak agerian dituztenak. Gainera, ale emeetan soilik sortzen dira eta polena aldiz oin arren
organoetan ekoizten da.

Agian zeure buruari galdetuko diozu nola lortu duten bizirik irautea. Beste batzuetan ez bezala, kasu honetan badirudi gizakiaren agerpenak mesede egin diela. Europan duela 2,5 milioi urte desagertu ziren arren, Asia erdialdeko eremu batean bizirik iraun zuten, eta milaka urtez zuhaitz sakratu gisa landatu zituzten.

Hemen parke eta lorategietan ikusiko duzu, eta azkenaldian kale-zuhaitz gisa, kutsadura atmosferikoa jasaten baitu. Pentsa ezazu zenbateraino, Hiroshiman bigarren mundu-gerrako eraso nuklearraren ondoren, batzuk berriro ernatu zirela.

Portzierto, udazkenean ale emeren baten inguruan ibiliz gero, haren hazietatik datorren usain kiratsa sumatuko duzu. Horregatik, orokorrean ale arrak soilik landatzen dituzte kaleetan, nahiz
eta batzuetan bakarren bat nahastuta sartu.