Haltza (Alnus glutinosa L. (Gaertn.))
Zuhaitz honek hosto erorkorra du, baina berde mantentzen da zuhaitzetik askatzen den arte.
Lehen lerroan aurkituko duzu, eremu atlantikoko ibai ertzetan. Bere sustraiak mugimenduan dagoen urak bustita eduki behar ditu, beraz, ibaira jotzen baduzu eta zuhaitzaren oinarrira begiratzen baduzu, uretan murgildutako kolore gorrixkako sustrai txikiak ikusi ahal izango dituzu. Deigarria egingo zaizu horietako askok garatxo moduko bat dutela ikustea. Nodulu txiki batzuk dira, eta horietan, atmosferako nitrogenoa finkatzeko gai diren bakterioak bizi dira zuhaitzarekin sinbiosian. Lankidetza horren emaitza da bertan bizi diren lurzoruak emankorragoak direla, eta, horri esker, haltza landare apaingarri gisa erabili da, ezpondak eta ibai degradatuen ibilguak berreskuratzeko.
Europako herrialde askotan, zuhaitz sorgindutzat hartzen zuten; izan ere, zura zurixka duen arren, moztean kolorez aldatzen da eta kolore laranja-gorrixka oso deigarria hartzen du, odoletan egongo balitz bezala. Kolorez aldatzeko eta tinduak ondo onartzeko gaitasun horrek beste zur nobleago eta garestiago batzuen itxura emateko ere balio izan du.
Erreparatu al diezu adarretatik zintzilik dauden pinaburu txikien antzeko fruituei? Barruan, haizeak hedatzen dituen haziak daude.