Garapen Jasangarria

Haritz amerikarra

Haritz amerikarra (Quercus rubra L.)

Haritz exotiko baten aurrean zaude. Ipar Amerikako ekialdean du jatorria eta XVIII. mendean sartu zuten Europan. Segur aski, naturalizatua aurkituko zenuen gure baso batzuetan; izan ere, sarritan baso landaketetan landatu izan da haritz kandudunaren ordezko gisa, haren hazkundea kandudunarena baino dezente azkarragoa delako.

Europako gainerako haritzetatik erraz bereiziko duzu, hostoen lobulu zorrotzei erreparatzen badiezu. Horiek, aldi berean, apaingarri gisa ere erabiltzen den beste espezie amerikar baten antza dute, Quercus palustris izenekoa, baina hosto estuagoa duena.

Udazkenean hartzen duen kolorea, ale gazteenetan gorri bizikoa, horixka eta nabarra bihurtzen da zaharrenetan. Hain zuzen ere, tonalitate horiek bihurtzen dute haritz hau apaingarri gisa preziatutako espezie. Begira Gabonetako girlanda eta apaingarrietan zein ugari izaten diren bere hostoak!

Ezkurrak, haritza loratu eta hurrengo urteko udazkenean heldu egiten dira, urri aldera eroriz. Esku artean bateren bat baduzu, gainerako haritzak baino dezente handiagoak eta biribilagoak
direla nabarituko duzu. Eta kupula ere, hau da, fruitua estaltzen duen kapela modukoa, zapalagoa dela ikusiko duzu.