Haritz kanduduna (Quercus robur L.)
Quercus hitzaren jatorria zeltatik dator eta “zuhaitz ederra” esan nahi du. Haritza, zuhaitz dotorea izateaz gain, Euskal Herrian karga sinbolikorik handiena duen zuhaitzetako bat izango da ziurrenik. Joxe Mari Iparragirre urretxuarrak, bere bertsorik ezagunenak Euskal Herriko tradiziozko legeen errespetuaren ikur den Gernikako arbolari eskaini zizkion. Haren azpian XIV. mendetik foruak zin egiten baitziren. Zuhaitz horren ondorengoek, lehendakari ezberdinen karguaren zinaren testigu izaten jarraitzen dute.
Pagoaren antzera, fruitua bi-hiru urtez behin emango du, hau da, ez du ezkurrik urtero emango ezta kopuru berean ere; hortik “ezkur urte, elur urte” esaera zaharra.
Hostoaren txortena txikia da, ezkurraren kandu luzearekin alderatuz. Ezaugarri honek, hostoaren oinarriko belarri edo lobulu txikiekin batera, haritz hau lorezaintzan ere erabiltzen diren beste batzuetatik bereizten lagunduko dizu.
Aspalditik, gizakiak bere bizilekuak hariztiak zeuden lurzoru emankor eta sakonetan aukeratu ditu. Honek eta zuraren erabilera intentsiboak eragina izan dute, Europako zati handi bat estaltzen zuten harizti handien desagerpenean.