Indigaztainondoa (Aesculus hippocastanum L.)
Platano arruntarekin batera, parkeetan eta kaleetan itzala emateko gehien erabiltzen diren zuhaitzetako bat da, baina udazkenean hobe da inguruan ez ibiltzea, gaztainak erortzean jasoko duzun kaskarrekoa saihestu nahi baduzu behintzat!
Kasu honetan, izen arrunta engainagarria da, jatorria Balkanetako penintsulan eta Bulgariako ekialdean baitu. Grezian ere modu naturalean hazten da.
Akaso, inoiz entzungo zenuen gaztainondo honen fruituari gaztaina zimela (‘pilonga’, gaztelaniaz) esaten, baina akatsa da, gaztaina zimelak denbora luzez kontserbatu ahal izateko modu tradizionalean lehortu eta ketutako gaztainak baitira. Indi gaztaina mingotsa eta pixka bat toxikoa da irentsiz gero, baina bere flabonoideak hodi-uzkurtzaileak direnez, barizeen eta odoluzkien hanturak arintzeko erabiltzen da.
Gaztaina bat zatitzen baduzu, ur beroa botatzen badiozu eta beratzen uzten baduzu, astintzean aparra aterako zaiola ikusiko duzu, saponinek sorturiko garbigarri naturala. Osagai horrek landareari bakterio eta onddoetatik babesteko balio dio.