Garapen Jasangarria

Intsusa

Intsusa (Sambucus nigra L.)

Kultura askorentzat magikoa den zuhaixka apaingarri eta sendagarri baten aurrean zaude. Intsusari baimena eskatu behar zitzaion mozteko eta haren ondotik igarotzean txapela kendu beharra omen zegoen, edo, are gehiago, erretzea saihestu, ekar zitzakeen ondorio zorigaiztokoengatik. Sorginak ere intsusaren adarren gainean lo egiten zutela uste zen, eta Harry Potterren zalea bazara, jakingo duzu Albus Dumbledorren makila magikoa bere zurez eginda dagoela.

Ilea jada urdindua baduzu, agian txilibituren bat edo zerbatana txikiren bat egina izango duzu intsusaren adar gazte barne hutsak aprobetxatuz, eta haren muin zuri eta arina ikusiko zenuen.

Herri-medikuntzaren arabera hainbat propietate omen ditu, baina soilik frogatu ahal izan dira loreen ahalmen diuretiko eta izerdiarazlea eta fruituen eta barne-azalaren laxantea izateko gaitasuna.

Zuhaixka honen albotik pasatzen zarenean, loratuta badago, bere lore zuri eta anitzen usain gozoa nabarituko duzu. Horiek ere bizkotxo eta edariak aromatizatzeko erabiltzen dira. Udaren amaieran heltzen diren baiek kolore beltza hartzen dute, eta ardoarentzat koloragarri gisa erabili izan dira. Oso fruitu preziatuak dira hotza iristean elikatzeko zailtasunak izaten hasten diren kaskabeltza bezalako hegazti txikientzat.

Esku artean hostoa osatzen duten 5 edo 7 hostotxoetako bat leunki igurzten baduzu, agian ulertuko duzu, antzina, zaldiz ibiltzen zirenek zergatik erabiltzen zituzten zuhaixka honetako adarrak euliak saihesteko. Zer iruditzen zaizu usaina?