Garapen Jasangarria

Intxaurrondoa

Intxaurrondoa (Juglans regia L.)

Bada euskaraz atsotitz bat, etxekoa ez dena beti hobea iruditzen zaigula adierazteko erabiltzen dena: “urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau”. Aurrean duzuna intxaurrak ekoizten dituen zuhaitzaren ale bat duzu.

Intxaurraga, Intxaurrondo, Intxaurraldea eta Insausti dira intxaurrondoak gure lurraldean antzinatik izan duen presentzia erakusten duten toponimo eta abizenetako batzuk. Komunitate zientifikoa, zuhaitz europarra den ala ez erabakitzean ados ez badago ere, jakin badakigu haren hedapena erromatarrei zor diegula, batez ere fruituengatik landatu baitzuten.

Irekitzean, intxaurra agerian uzten duen kanpoko oskolak, tanino asko ditu. Hortik lortzen da zura ilundu eta babesteko berniz gisa erabiltzen den intxaur-tinta edo gaztelaniaz nogalina bezala ezagutzen den tindagaia.

Ebanistek asko estimatzen dute intxaurrondoaren zura. Hain zuzen ere, katedraletako erretaula eta koru askoren lehengaia izan da, baita autoen aurreko paneletako luxuzko piezak eta eskopeta-kulatak egiteko erabilitako materiala ere.

Antzina, landareen printzipio aktiboak ezagutu aurretik, haien sendatzeko propietateak interpretatzen ziren giza organo jakin batekin izan zezaketen antzagatik. Zure ustez, zergatik gomendatzen zen intxaurrak kontsumitzea buruko minak arintzeko?