Garapen Jasangarria

Lertxuna

Lertxuna (Populus tremula L.)

Lertxuna sahatsen familiako zuhaitza da, eta haietan bezala, azalean ere, sukar-sintomak tratatzeko eraginkortasunez erabiltzen zen salizilina dauka. Agian, haren deribatu sintetiko bat ezagunagoa egingo zaizu, azido azetilsalizilikoa, aspirina marka komertzialagatik ezagunagoa.

Naturan, espezie aitzindaria da basoen birkolonizazioan. Ez du basorik osatzen, eta lurzoru fresko eta hezeko hegal harritsuetan bizi ohi da, urkiekin, pinuekin eta pagoekin batera.

Hazkunde oso azkarrekoa da, eta maila oso sakoneko ur asko xurgatzen duena, beraz, fitoerremediazioko, hau da, landare bidezko garbiketarako azterketa esperimentaletan erabiltzeko hautagai bihurtu da. TNTaren (trinitrotolueno) ondorioak murrizteko gai den bakterio batekin genetikoki eraldatzen da, TNT duten uren eta lurzoruen deskontaminazioan erabiltzeko.

Lorezaintzan, hostoek hartzen dituzten tonalitate hain aldakorrengatik eta haien mugimenduagatik estimatzen da. Hostoaren txorten luzearen eraginez, haizerik txikienarekin dardarka hasten baitira.
Hostoak abereentzako bazka gisa erabili izan dira neguan, eta ezpaletan zatitzen ez den zur arinak, zotzak eta pospoloak egiteko balio izan du. Erabilera anitzeko zuhaitza!