Likidanbarra (Liquidambar styraciflua L.)
Agian zuhaitz deigarrienetako bat da, hostoek udazkenean hartzen duten kolore aniztasunagatik. Barietatearen arabera, kolore laranja, gorri, more edo purpurazkoak aurkituko dituzu, eta udazkeneko tenperatura baxua izan bada, kolore biziagokoak gainera.
Ipar Amerikako ekialdean, eta baita Erdialdeko Amerikan ere, bere zuraren kalitateagatik baso-zuhaitz gisa erabiltzen den arren, Europan apaingarri gisa sartu zen XVII. mendean.
Bere hostoek astigarra gogoraraziko dizute. Ondo begiratu, hauek peziolo edo hosto-txorten luze samarra dute eta, gainera, beren haziak ere hegodunak izan arren, globo-itxurako kapsula zulatu baten barruan daude. Udazkenean lehortzen denean, ireki egiten da, eta aireak garraiatuko ditu haziak.
Zuhaitz honen izen zientifikoaren gutxi gorabeherako itzulpena “Goma antzeko substantziatan aberatsa den anbar likidoa” izango zen. Bere azaletik ateratzen zuten likidoa irakin eta prentsatu ondoren, medikuntzan eta lurringintzan baltsamo gisa erabiltzen baitzen. Erabilera hau Amerikar natiboek aspalditik ezagutzen zuten.