Platano arrunta (Platanus x hispanica Mill.ex Münchh)
Zuhaitz hau erraz ezagutuko duzu ezkatetan askatzen den azalagatik. Ez al dizute kamuflaje-jantziak gogorarazten? Ibaien ertzetan sarritan aurki dezakezun arren, naturalizatu diren aleak dira, modu basatian ez dira topatzen.
Badirudi platano arrunta bi espezieren hibridazioaren emaitza dela, bata Kreta inguruetan jatorria duena, P.orientalis eta bestea Ameriketako Estatu Batuetako Atlantiko aldekoa P.occidentalis.
Gaztelaniazko izen arruntak (Plátano de sombra) adierazten du itzala sortzeko zuhaitza dela, beraz, paseoetan, bide-ertzetan eta errepideetako ilaretan maiz aurkituko duzu.
Zuhaitz erresistentea da, eta kutsadura atmosferikoaz gain, ondo eusten die batzuetan egiten zaizkien inausketa gogorrei.
Udaberrian polenarekiko sentikorrak diren pertsonengan, erreakzio alergikoak eragin ditzake, oso loratze lehergarria baitu, eta, gainera, polen aleak hosto gazteen iletxoetan atxikitzen dira.
Sentitu al duzu inoiz fruitua desegiten denean azalarekin kontaktuan eragiten duen erremina?
Ezaguna egingo zaizu hartzen duen izena: pika-pika hautsak.