Siriako hibiskoa (Hibiscus syriacus L.)
Asiatik datorren zuhaixka edo zuhaitz txiki honek gure soroetako ohiko landare bat gogoraraziko dizu, malba, malbazeoen familiakoak baitira biak.
Hibiskoa Hego Koreako lore nazionala da, koreeraz mugunghwa deitzen dute eta “inoiz zimeltzen ez den betiereko lorea” esan nahi omen du. Kontua ez da loreak ez direla zimeltzen, baizik eta udaberritik udazkenera loratzen dela, leku eguzkitsu batean badago eta gutxienez egunean 6 argi-ordu jasotzen baditu behintzat. Loreen kolorea aldakorra da eta urdinak, arrosak edo zuriak aurkituko dituzu.
Agian inoiz probatu duzu Jamaikako ura edo hibisko tea, Hibiscus sabdariffa espeziearen lore lehorrekin egiten den zapore garratzeko eta kolore gorrixkako infusioa. Afrikako iparraldean oso edari ezaguna da, diotenez faraoien garaiaz geroztik kontsumitzen dena.
Ez al diozu loreari halako aire tropikal bat aurkitzen? Ziurrenik Hawaiin girotutako pelikula batean baino gehiagotan ikusiko zenuen lore bat belarri gainean duen norbait; kasu horretan
uharte horietako jatorrizko espezie bat da: Hibiscus brackenridgei.