Txinako palmondoa (Trachycarpus fortunei (Hook.) H. Wendl)
Txinako erdialdeko eta ekialdeko mendietan du jatorria, 2.000 metrotik gorako altueran. Hala ere, tenperatura hotzetara bezain ondo egokitu da tenperatura altuetara, eta horren adierazle da Italia eta Suitza arteko Aintzira Nagusian landare inbaditzaile bihurtu izana.
Erreparatu, euskarri gisa erabiltzen duen egituraren itxura iletsuari. Galtzen joan den hostoen hondarrek osatzen dute, eta isolatu eta babesten duen zuntz moduko bat osatzen du. Harrituko dizu enbor hitza ez erabiltzea, eta arrazoia da ez dela benetako enbor bat. Botanikan, estipe deitzen zaio eta benetako enbor batetik bereizten da, zabaleran hazteko eta egurra sortzeko aukera ematen dioten zelulak ez dituelako, eta alboetako adarrik ere, ez duelako sortzen. Palmondo honen estipea 12 metrora arte haziko da agian, baina egungo zabalerari eutsiko dio.
Espezie dioikoa da, hau da, oin arrak eta emeak bananduta ditu. Azken hauetan, loreek artaburu horiak dirudite eta fruitu txiki eta zimurtsuak sortzen dituzte. Izen zientifikoaren azalpena hauxe: trachys (lakarra) eta carpus (hazia).
Jasotzen duen beste izenetako bat palmondo garaia da, gaztea denean palmondo nanoarekin (Chamaerops humilis L.), nolabaiteko antzekotasuna duelako. Txinako honetan ordea, hostoen txortena ez da arantzatsua, zerratua baizik, eta nanoan baino laburragoa.