Garapen Jasangarria

Urki iletsua

Urki iletsua (Betula pubescens Ehrh.)

Antzina, Betula alba izena ere ematen zitzaion, baina, agian, “pendula” aldaeratik bereizteko, pubescens hitza pista fidagarriagoa da. Ilaundun edo pubeszente hitzak ileak dituela esan nahi du, kasu honetan adar gazteetan. Sute baten ondoren, ezinbesteko zuhaitza da basoa leheneratzeko.

Bere azal zuria dela eta, hainbat jaberen lurrak mugatzeko erabili izan da, batez ere Gipuzkoan. Izan ere, aldatzen zaila den muga izateaz gain, erraz antzeman daiteke urrutitik, baita neguan ere.

Beharbada, izan duzu inoiz eskuetan benetako kaiku bat; Urki-egurrez eginiko pieza bakarreko ontzia, ardiak eta ahuntzak jeztean esnea biltzeko erabiltzen zen. Bere diseinu ergonomikoari esker, esnea erraz biltzeaz gain, pisu handirik altxa gabe garraiatu zitekeen. Imajinatu esnea egurrezko ontzi batean irakin behar dugula. Trikimailuren bat? “Esneharriak”, txingarretan erretako harri biribilak: kaiku barruan sartu eta, esnea borborka hasten zenean, matxardekin ateratzen ziren.