Garapen Jasangarria

Urkia

Urkia (Betula pendula Roth.)

Adarrak zintzilik dituen urkia, izen zientifikoaren arabera. Ironikoki, “jakinduriaren zuhaitza” ere esaten zitzaion, urkiaren adar fin eta malguez ikasle menderakaitzak zigortzen baitziren, “jakintsua da astoa, makila du maisua” esaera indarrean zegoenean. Zorionez, garai hura joan zen. Gure inguruan topa dezakegun beste urkitik (Betula pubescens) bereiztea zaila bada ere, urteko adar gazteei erreparatuz gero “pendulek” iletxorik ez dutela ikusiko dugu; bai, ordea, besikula erretxinadunak.

Urkien ezaugarri bereizgarrienetakoa beren azal fin eta zuria da, zerrenda horizontaletan askatzen dena eta oso erraz su hartzen duena. Badakizu bigarren azaletik ateratako xaflei librum esaten zaiela? Finak eta ia gardenak dira. Ezetz asmatu papera asmatu aurretik zertarako erabiltzen ziren? Antza, Siberiako herri batzuetan, komuneko paperaren ordez ere erabiltzen zuten.

Udazken hasieran, litekeena da lurrean, barruan haziak dituzten milaka fruitu txiki ikustea. Erreparatu horien formari eta haizeak hain erraz zergatik hedatzen dituen ulertuko duzu.