Ekintzailetza. Urola Garaia Sortzen

MAIDER
SUDUPE

UHARA Komunikazioa

Komunikazio aholkularitza


K O N T A K T U – D A T U A K

LinkedIn: maider sudupe

eposta: maidersudupe@gmail.com

Maider Sudupe urretxuarrak bere bideari ekin zion iazko irailean UHARA KOMUNIKAZIOA enpresa sortuta. Enpresek edo erakundeek beren komunitatearekin modu egokienean konektatu ahal izateko laguntza eskaitzen du Maiderrek. Marka nortasuna indartzen lagunduko duten marka kontakizunak sortzen ditu. “Storytelling-a, marka-ikuspegi kolektibo osoa eratzeko kontakizunak eraikitzea da. Ez besterik gabe istorioak kontatzea, erabiltzailearengana hurbiltzeko komunikazio-diskurtsoak sortzea baizik”. Gainerako marketin erabakiak errazago hartzeko, oinarrian kontakizun edo komunikazio diskurtso sendo bat edukitzea ezinbestekoa dela dio.


Bide hau hartzea erabaki zenuen.

Bai. Bide berri bat hastea erabaki nuen iazko irailean. Aitortu beharra daukat haseran ez nuela oso argi eduki, ez baitzen izan, berez, pentsatuta neukana. Bazen buruan nerabilen zerbait baina momentu hartan indarrak beste bide batean jarrita neuzkan. Baina gauza batek, bestea ekarri zuen eta momentua iritsi zela konturatu nintzen. Norabidea argi daukat eta ekintzailetzaren bidetik abiatzea erabaki nuen.

Ikusentzunezko Komunikazioa ikasi nuen EHUn eta bizitza profesional ia guztia eman dut ikusentzunezko komunikazioari lotuta. 14 urte eman ditut telebistan. 12 urte EITBrentzat lanean eta beste bi zentro teknologiko batean. Bestela ere, nere kabuz egin izan ditut ikusentzunezko sorkuntzak.

Duela 6 urte, bidean geldiune bat egitea erabaki nuen. Momentuko bizitza pertsonalak ere eragina izan zuen, nere bigarren alaba jaio zen eta amatasuna gertuagotik bizi nahi nuela erabaki nuen. Telebistako lanak asko lotzen ninduen, eta ordu asko ematen nituen etxetik kanpo. Gainera, nere bizitza profesionalean ere, norabide aldaketa bat eman nahi nuen, etapa berri bat hasi, eta komunikazioaren beste esparru batzuk jorratzea erabaki nuen. Hala, Erakusleihogintza eta Diseinu Bisuala, Community Management-a eta Gamifikazioa eta Storytelling-a bezalako tekniken inguruan jaso dut formazioa. Helburua, komunikatzeko kanal eta baliabide ezberdinetan trebatzea izan da, komunikazio egokia sortzeko lanketak egin ahal izateko.

Denbora tarte honetan, familiarekin eta ikasketekin uztartuta, herriko zenbait denda txikirekin komunikazio estrategiak lantzeko, erakusleihoak sortzeko nahiz ekitaldiak antolatzeko aukera izan dut. Komunikazioarekin zerikusirik ez daukan lan batean aritzeko aukera ere izan dut, Urrats Podologia Zentroan egin dut lan eta hau ere aberasgarria izan da, beste zenbait gauza ikasteko aukera eman dit eta.

Duela urte bete, ordea, berriro ere komunikazioaren bideari modu berri batean heltzeko unea iritsi zela erabaki nuen, prest nengoela sentitu nuen.

Bere publikoarekin edo komunitatearekin konektatzeko laguntza behar duten enpresa nahiz erakundeekin komunikazio aholkulari gisa lan egin nahi nuen, komunikazio estrategia egokiak sortuz marka posizionamendua hobetzeko laguntza eskaintzea, alegia.

Nere marka pertsonala lantzen eta nere estrategia finkatzen hasi nintzen. Izan ere, berriro zerotik hastea esan nahi zuen horrek, ordurarte ikusentzunezko arlo zehatzera lotuta bainengoen. Baina nahiz eta banekien berriro hasteak berekin zekarrela ikusgarritasuna eta posizionamendua lortzearen zailtasuna eta lehia gogorra ere bazela konsziente izanda (merkatuan ondo finkatuta dauden enpresak batetik, eta teknologiaren garapenak etengabe sor ditzaken lehiakide berriak bestetik) etapa berria gogotsu hasi nuen, oso motibatuta eta ilusio handiz.

Hasera batean nere asmoa, komunikazio arduradun gisa enpresa batean lana lortzea zen, eta ate asko jo nituen, hautaketa prozesu askotan parte hartuz. Bidean, ordea, UGGASAk bideratzen duen HAZILAN programaren IV. edizioan hartu nuen parte eta UGGASAn bertan praktikaldia burutzeko aukera izan nuen. Praktikaldiak nere burua ezagutzera emateko eta agerikotasuna lortzeko balio izan zidan eta gerora begira lan proiektuak martxan jartzeko aukera eman zidan.

Hala, iazko irailean nere bideari ekitea erabaki nuen, UHARA Komunikazioa enpresa sortuta.

Erabakia hartu nuenean UGGASAko Amaiarengana jo nuen. Aurretik ere urte askoan nere kabuz lanean ibili naizen arren, asko eskertzen dut UGGASAtik jaso nuen, eta oraindik jasotzen dudan, laguntza. Laguntza teknikoa jaso dut eta bai Amaiak eta bai Orekako Mari Paz eta Karmelek gidatuta, hasteko pausoak ematea erraza izan zela esango nuke.

Sortzen Enpresagunean dagoen Coworkean egiten dut lan. Ekintzaile ezberdinek lan espazioa partekatzen dugu bertan. Gune aberasgarria da, esperientzia, ideiak eta ezagutza konpartitzeko nahiz elkarrengandik ikasteko aukera ematen baitigu. Sinergiak sortzeko dago pentsatuta eta hala dela iruditzen zait. Ekintzaile bakoitzak bere aldetik izan ditzakeen proiektu propioez gain, gure artean osagarriak diren zerbitzuak identifikatu eta proiektu zehatzak ere landu nahi ditugu.

Zein da UHARAk eskaintzen duen zerbitzua?

Storytelling-ean oinarritutako komunikazio aholkularia naiz. Enpresek edo erakundeek beren komunitatearekin modu egokienean konektatu ahal izateko laguntza eskaitzen dut. Marka nortasuna indartzen lagunduko duten marka kontakizunak eraikiz komunikazio esku hartze proposamenak egiten ditut. Kanpo komunikaziorako nahiz barne komunikaziorako. Kanpora begirakoa bezain garrantzitsua baita barnera begirakoa. Esku hartzea sortu, garatu eta gauzatu egiten dut. Marka diodanean enpresez, sailez, produktuez nahiz proiektuez ere ari gintezke berdin berdin.

Kontakizunak hartzaileak bere buruan markari buruz sortuko duen ideia baldintzatzen du. Eta ezinbestean, sortuko duen ideia edo iritziak bere jarreran eragiten duenez, erabaki bat edo beste bat hartzera bideratzen du. Zer eta nola transmititzen den da gakoa. Komunikazio egokiak irudi egokia sortzen du. Izan ere, batzuetan ez dator bat eman nahi dugun irudia eta benetan hartzaileak jasotzen duena.

Nola egiten duzu lan?

Askotariko proiektuetan lantzen dut marka kontakizuna, baina lan egiteko erabiltzen dudan metodologia bera da.

Storytelling-a erabiltzen dut. Storytelling-ak hartzailea inplikatzea eta emozio jakin bat sorraraztea bilatzen du.

Storytelling-a, marka-ikuspegi kolektibo osoa eraikitzeko kontakizuna eraikitzea da. Ez besterik gabe istorioak kontatzea, erabiltzailearengana hurbiltzeko komunikazio-diskurtso bat sortzea baizik.

Oinarrian kontakizun edo komunikazio diskurtso sendo bat badaukazu, gainerako marketin erabakiak errazago hartzen direla iruditzen zait.

Storytelling-ak erakunde, enpresa edo administrazio baten beharrak ase ditzakeen aldaketa positiboak eragin ditzake. Storytelling-ak motibazioa, konpromisoa eta parte hartzea hobetzen ditu, nortasun-sentimendu bateratua sortuz, komunitatea sortuz, alegia.

Storytelling-ak portaerak aldatzen lagun dezake. Komunikazioa eraginkorragoa bihurtzen da eta transmititu nahi diren mezuak entzutea, ulertzea, onartzea eta gogoratzea errazten du. Storytelling-ak kontakizuna erainkitzen laguntzeaz gain, audientzia ulertzeko eta bere beharrak ulertzeko aukera ere ematen du.

Komunitate nortasuna sortzeko egiten dut lan, ereduak eta erreferenteak aztertuz barneko eta kanpoko gatazkei erantzuteko estrategiak bilatuz.

Hasteko, dagoen arazo edo beharra identifikatu behar izaten da. Ondoren, testuingurua eta publikoaren azterketa egin eta helburuak ondo finkatu ondoren esku hartze proposamena landu behar da. Proposamena sortu, garatu eta gauzatu ostean, emaitzen azterketa egin behar da, ondorioak atera ahal izateko.

Hala ere, hitzez haratago, storytelling-a ondo lantzeak markek bizipenak sortu eta gauzatzea ere erraz dezakeela uste dut. Eta marka-esperientziak, publikoaren erabateko konfiantza lortzeko bidea direla iruditzen zait.

Zein da gaur egun zure erronka nagusia?

Nire erronka nagusia nere estrategia definitzen jarraitu eta zehatzago espezializatzea da. Negozio ikuspegia, eta negozio eredua, lantzen jarraitu behar dut, izan ere, ez da ahaztu behar, ekintzaileok ere negozio bat dugula esku artean. Zertarako lan egin nahi den argi eduki behar dela uste dut, horretarako zer egin nahi den eta azkenik nola lan egin nahi den argi izatea ezinbestekoa dela iruditzen zait.

Nere marka landu nahi dut, nola eta norekin lan egin nahi dudan definitu eta hala, nik nahi dudan bezero mota erakarri ahal izatea nahiko nuke. Finean, gustora lan egitea da nire helburua.

Zein izan da ekintzailetzaren barnean zure ibilbidearen balantzea?

Lehen esan bezala, haseran oso argi izan ez banuen ere, nere ibilbide profesionalari jarraipena emateko beste bide batzuen artean aukeratu dudan bidea da ekintzailetza. Ez da bide erraza, oso gorabeheratsua da eta. Emozionalki indartsu egon behar zara, eta batzutan kosta egiten da oreka mantendu ahal izatea.

Hala ere, eta nahiz eta balorazio bat egiteko oso goiz dela iruditzen zaidan, pertsonalki oso aberasgarria dela uste dut, nork bere burua ezagutzeko oso baliotsua dela iruditzen zait eta bestela egingo ez nituzkeen gauza asko egiteko eta sentitzeko aukera ematen didala argi daukat. Oraindik dena daukat egiteko eta ikasteko, baina ez naiz damutzen.

Zer da zuretzat ekitea? Garrantzitsua dela uste duzu?

Ekitea, nor bere dohaietik eta talentutik bizi ahal izatea dela uste dut. Norberak egiten dakien hori, bere moduan, modu berezian egiten duen hori, besteen zerbitzura jartzea. Hortan sinestea eta uste horren atzetik bidea egitea. Ekitea sormena da, eta berrikuntza, pasioa, ilusioa.

Gauzak ezberdin egitea ere bada agian, ezinezkoa baita emaitza ezberdinak, emaitza bereziak lortzea modu ezberdinean jarduten ez bagara, ezta?

Zer esango zenioke ekin nahi duen horri?

Ekin nahi duela uste edo sentitzen duen horri dudarik gabe egin dezala esango nioke. Beldurrei aurre egin behar zaiela uste dut (ingurukoen iritziak, porrot egitea, etab.). Asko arriskatzea dela entzuten da etengabe, baina erronkak edukitzea oso baliotsua dela uste dut. Bizirik mantentzeko giltza direla iruditzen zait. Erronkak eduki eta horien atzetik lanean jarduteak behatu, konparatu, ikasi eta bizitzeko aukera ematen duela uste dut.

Aldaketak egitea, norberak duena galtzea baino, gauza berriak irabaztea dela uste dut. Aldaketa garapena dela sinetsita nago. Norberarengan sinestea, zer nahi den jakin eta horren atzetik joatea.

Askotan esaten da bakoitak bere bizitzaren kontrola eduki edo hartu behar duela, eta zentzu horretan bai iruditzen zaidala gure erabakiak guk ez baditugu hartzen, beste norbaitek hartuko dituela guregatik.

Uste dut zerk motibatzen duen, edo zergatik ekin nahi duen edo zertarako egin nahi duen argi daukanak, ekintzailetzaren bidea jorratu beharko lukeela.

Ez dut esan nahi nahi bidea erraza denik, baina saiatzeak merezi duela iruditzen zait, saiakera hortatik ikasten denagatik bakarrik merezi duelako.

Eskerrik asko Maider zure lanarekin Urola Garaia garatzen laguntzen duzulako.

 

«