Gaur egun talentua erakartzeak eta mantentzeak dakarren erronka kontuan izanik,UG TALENTUA Estrategiaren baitan, erronka honi erantzun nahi diogu eta horretarako azaroan zehar garatuko den ekimen bat jarriko dugu abian.
Talentua erakarri eta mantentzeko helburuarekin, eskualdeko enpresei tresnak eman eta lidergorako trebetasunak garatzen lagunduko diegu.
Lehenengo saioaren edukia Lidergo Garatzailearen kontzeptuan oinarrituko da; bigarrena, enpresan jarrera toxikoei aurre egiteko estrategiei buruzkoa, portaera eta jarrera toxikoak identifikatzen ikasteko eta bai enpresan bai maila pertsonalean zer egin dezakegun ikusteko. Azken saioaren gaia definitzeke dago, eta aurreko bi tailerretako parte-hartzaileek honako aukera hauen artean dituzten lehentasunen araberakoa izango da (estresa murriztea eta enpresako ongizatea bultzatzea, elkarrizketa zailak, feedback eraginkorra nola eman, komunikazio asertiboa, pertsonak motibatzea, gatazkaren aurrean bitartekari izaten ikastea). Gairen batean sakontzeko interesa duten enpresek, enpresan bertan saio bat izateko aukera izango dute.
Jardunaldiak azaroaren 15, 22 eta 29an izango dira, 15: 00etatik 18: 00etara eta Antioko Interpretazio Zentroan.
GFAko Sustapen Ekonomikoko Sailak finantzatutako programa da, eta, horretarako Impulsa aholkularitzako Janire Jaurrietaren laguntza izango dugu.
Programa honetan parte hartzeko interesa izanez gero, edota informazio gehiago lortzeko, itelleria@uggasa.eus helbidera idatzi dezakete edo 943.725.929 telefonora deitu (Iosune Telleria).