EHUko Psikologia eta Medikuntza fakultateak “Etxezain” programarekin elkarlanean aritu dira “ziurtagiriaren” barruan.
Joan den azaroaren 15ean amaitu zen “Pertsonei Etxean Arreta Soziosanitarioa Emateko Ziurtagiria”. Bertan, eskualdeko 14 emakumek eta gizon batek etxeko zainketen arloan lan egiten jarraitzeko beharrezko titulazioa eta gaitasunak lortu dituzte, gero eta gehiago, lan horretan kualifikatzea ezinbesteko baldintza baita.
UGGASAk egiten duen jarduerak berresten du etxeko zaintzak gero eta gizarte-premia handiagoa direla, eta zaintzako profesionalen prestakuntza da haien enplegu-arloko lehentasunetako bat.
Ikasle gehienek batera egin dituzte ikastarora joatea eta etxeko zainketa-lanak. Horietako batzuek barne-erregimeneko jardunaldiak eta familia-kontziliazioa bateratu behar izan dituzte prestakuntza horrekin, eta horrek balio handiagoa ematen dio titulua lortzeari.
Laneratzeari buruzko datuei dagokienez, 15 parte-hartzaileen artean, 9k prestakuntzaren bidez erregularizatu dute beren legezko egoera, eta, horrela, kontratuak formalizatzeko baldintzak bete dituzte. Horrela, guztira 13 pertsona daude egungo lanpostuari eusteko moduan, Mendekotasun Legean eskatzen diren betekizunen arabera.
Aurtengo edizioa Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren esparruan egin da, “UROLA GARAIAN ELKARREKIN 2022-2024” proiektuaren bitartez. Ziurtagiria Urola Garaiko Gurutze Gorriaren lankidetzarekin egin da, ziurtagiriaren alderdi teorikoan, EHUrekin, ETXEZAIN programarekin (esku-hartze psikologikorako eta osasun fisikoan prestatzeko programa), autozainketaren garrantzia eta jarduera fisikoaren onurak sustatzeko zainketen profesionalengan, eta UGGASA bera ziurtagiriaren orientazio eta koordinazio orokorrean.
UGGASAk zainketen arloan hainbat lan-ildo gauzatzen ditu, betiere arlo horretan esku hartzen duten eskualdeko agenteekin lankidetza estuan. Agentziak profesionaltasun-ziurtagirien eskaintzaren aldeko apustua egin du, sektore hori profesionalizatzeko beharrezko tresna gisa.
Agentziaren beste esku-hartze arloetako bat parte-hartzaileei lan-orientazioa ematea da, bestetik, tramitazioetan laguntzea, lan eskaintzak bilatzea, baita haien lan-eskubideei buruzko aholkularitza ematea ere. Horretarako, Urola Garaiko “Emakumeen Etxeko” Orientazio Zerbitzuaren laguntza dugu.
Aholkularitza-premia eta etxeko zaintzarako pertsonak kontratatzeko beharra duten familiek UGGASAra jo dezakete. Han, enplegu-poltsa bat dute, eta, bertan, hautagaiak dituzte eskura, bai eta lan-baldintzak eta kontrataziorako behar den informazio guztia ere.