Ekintzailetza. Urola Garaia Sortzen

UNAI
HERNANDEZ

HERUN

Energia eta telefonia aholkularitza


K O N T A K T U – D A T U A K

eposta: herun@herun.eus

Telfnoa: 606 96 87 91

Unai Hernandez urretxuarrak bere bideari ekin zion iazko otsailean HERUN enpresa sortuta. Energia eta telefonia aholkularia da eta bere helburua enpresak batez ere, baina baita norbanakoak ere, energia eta telefonia kontuek sor ditzaketen buruhausteez ahaz daitezen lortzea da. “Ni arduratzen naiz hortaz. Behar zehatzei egokitzen zaizkien produktuak kontrata ditzaten aholkatzen ditut nere bezeroak. Beti ere, fakturari ahalik eta errentagarritasun handiena atera diezaioten”. Fakturak, ideia handiegirik gabe ordaintzen ditugula uste du Unaik eta bakoitzari aukera onena bilatzeaz arduratzen da.


Bide hau hartzea erabaki zenuen. Zergatik?

Nik elektrizitate ikasketak egin nituen. Nere aitak gremioen koordinazio enpresa bat dauka, eta oso txikitatik hori izan da ikusi dudan bidea. Beti esan izan didate nere etorkizun profesionala erabakita zegoela, ez nuela arazorik izango, nere familiaren enpresaren erreleboa hartuko nuelako. Gremio guztien artean gehien gustatzen zitzaidana aukeratu nuen eta hala erabaki nuen elektrizitatearen inguruko ikasketak egitea. Baina neri ez zitzaidan hori gustatzen. Neri gehien gustatzen zitzaidana kirola zen, eta kirolaren ondoren, musika. Oraindik ere kirolaria naiz, korrika aritzen naiz lehiaketetan, Euskadiko txapelduna naiz 1500 metrotan, eta musikari dagokionez, gerora Soinua ikasi nuen Andoaingo Zine eta Bideo eskolan.

Aitaren enpresan bi urte eman nituen lanean beste zerbait ateratzen zitzaidan bitartean, eta ondoren hasi nintzen Euskaltel enpresarentzat lan egiten zuen banatzaile batentzat lanean. Komertzial gisa egin nuen lan 15 hilabetez. Gustura ibili nintzen bertan, oso ondo moldatzen nintzen, emaitza onak lortzen nituen. Baina esperientzia txar bat izan nuen eta kontratua berritzeko garaia iritsi zenean ez berritzea erabaki nuen.

Bidean geldiunea egin eta zer egin nahi nuen pentsatzeko denbora hartu nahi izan nuen orduan, baina SWAPetik deitu zidaten. SWAP, energia merkaturatzen duen enpresa gipuzkoar bat da. Argia eta gasa merkaturatzen dituzte. Bertan energia aholkulari gisa hasi nintzen lanean. Urte eta erdi neraman bertan, iazko otsailean nere bidea egin nahi nuela erabaki nuenean.

Energiarenean ez ezik, telefonia arloan ere beharra bazegoela konturatu nintzen, bazela bete gabeko hutsune bat. Eta horregatik sortu nuen HERUN, energia eta telefonia uztartuko zituen aholkularitza zerbitzua. Eskarmentua nuen bi arlo batu nahi nituen.

Nolakoa izan da HERUNen hasiera?

Egia esan, nahiko errez joan dela esango nuke. Gauza batek bestea ekarri izan balu bezela.

Enpresa sortzea erabaki nuenean UGGASAra jo nuen. Han bideragarritasun plana egiten eta bateko eta besteko diru laguntzak identifikatzen eta hauek kudeatzen lagundu zidaten. Egia esan, badaude zenbait gauza nork bere kabuz egin ahal izateko zailak direnak, eta laguntza teknikoa probetxugarria izan da. UGGASAk ekintzaileei zuzendutako lan espazioa ere erabiltzen dut. Bezeroekin ez nagoenean SORTZEN Enpresaguneko Coworkean egiten dut lan. Beste ekintzaile batzuekin egoteko aukera ematen dit eta oso aberasgarria dela uste dut.

Nire enpresa sortuta ere, SWAPekin elkarlanean jarraitzen dut oraindik ere. Oso zerbitzu ona eta oso prezio lehiakorrak eskeintzen dituztela use dut. Konfiantzazko ornitzailea da niretzat. Atsegin dut beraien lan egiteko modua eta baita euren filosofia ere. Bulego txiki batean hasi zen enpresa bat da baina asko hazten ari dena. Espainia mailan, eta nahiz eta lau bat bakarrik ezagutzen diren (Iberdrola, Endesa, Naturgy (Lehen Unión Fenosa zena) eta EDP), orotara, 282 inguru enpresa taldek merkaturatzen dute energia. ETEi dagokien arloan gehien merkaturatzen dutenen ranking-ean, SWAP 15. postuan ezarri da eta orain duten erronka 10. postura igotzea da.

Energia arloan eskeintzen dut aholkularitza gehien baina telefonia arloa ere ondo doakit.

Esan bezala, energia arloan SWAP-ekin egiten dut lan, eta telefoniari dagokionez, Euskaltel, Movistar eta Vodafone konpainiekin, bakoitzak Gipuzkoa mailan dituzten banatzaileekin elkarlanean.

Nola egiten duzu lan?

Nik aholkularitza zerbitzua eskeintzen dut. Enpresei batez ere, baina baita norbanakoari ere. Energia eta telefonia kontuez ahaz daitezen da nire xedea, ni arduratuko bainaiz hortaz. Bezero bakoitzarekin bere fakturari ondoen eta errentagarritasun handienarekin egokitzen zaion produktua kontrata dezan egiten dut lan. Horretarako konpromisoa hartzen dut, kezkatzeari utz diezaion.

Jende askorentzat urrun geratzen diren kontuak izaten direla uste dut, eta gehiegi ulertu gabe ordaintzen direla fakturak. Jendeak behar ez dituen gauza asko ordaintzen ditu, baita beste aukerarik ezagutu ezean zerbitzu berdinagatik gehiago ordaindu ere.

Nik hortan eskeini nahi dut nire laguntza. Nik egiten ditut tramite guztiak. Bezeroak kontratuak sinatzeko lana besterik ez du hartu behar.

Nola ikusten duzu zure enpresa 5 urte barru? Zein da zure erronka nagusia?

Nere helburua telefonia konpainia bat sortzea izango litzateke. Inguruan badaude adibideak, hala nola, Talaia Ordizian edo Guretel Arrasaten. Bide horretatik joan nahiko nuke.

Berez nagoen bezela ondo nago, momentuz ondo doakit, baina zerbait gehiago egin nahiko nuke. Negozio ikuspegitik etengabe erronka berriak bilatu nahi ditut. Ez dut geldituta geratu nahi. Gauza berriak egin nahi ditut, aukera berriak bilatu, hazi, eta ahal dela lanpostuak sortu nahiko nituzke, eskualdearen garapenean nere aletxoa jartzea gustatuko litzaidake.

Zein izan da ekintzaile gisa egiten duzun balantzea?

Oso gustura sentitzen naiz. Askatasuna dut gauzak nere erara egiteko, nik moldatzen dut ordutegia, nik daukat nere enpresaren kontrola eta eraginkorragoa izatea lortu dudala uste dut. Ilusio handiz nabil lanean. Soldata finko bat eduki eta hegoak mozte hori nirekin bat ez datorrela uste dut.

Bezeroari lagundu diodala sentitzea oso aberasgarria da, eta poliki poliki hazten joatea, atsegingarria.

Zer da zuretzat ekitea? Eta ze garrantzi daukala uste duzu?

Ekiten duzunean zure esku dago dena. Zure ardura da eta zuk aukeratzen duzu noraino iritsi nahi duzun. Geratzea edo haztea zuk erabakitzen duzu, beraz. Zure helburu profesionalak finkatu eta jomuga hortara heltzeko lan egin ahal izatea oso motibagarria da.

Zure buruarengan konfiantza lantzeko aukera ere ematen duela uste dut. Nork bere gaitasunak balioan jartzen ditu, eta segurtasuna areagotzen dela iruditzen zait. Gogobetetasuna ere handitzen da ezinbestean.

Lan baldintzak ere, neurri handi batean, zuk erabakitzeko aukera duzu eta hori handia da. Lan mota, lan egiteko espazioa, norekin lan egin, etab.

Nik uste dut pertsona batentzat lana, poztasun-iturri bat izan behar dela, gustura sentitzeko eta bere lan aukera eta helburuak lortuz asebetetzeko balio behar diola. Beti ere azken helburua, ez dugu ahaztu behar, independentzia eta segurtasun ekonomikoa bilatzea dela kontutan hartuta.

Ekintzailetza, beraz, aukera ona dela iruditzen zait eta bultzatzea beharrezkoa dela. Aberasgarria dela uste dut, eta hori horrela dela ikusteko aukerak eta erreferenteak sortu behar direla.

Hezkuntza mailan konpetentzia gisa landu ez ezik, aukera gisa ere landu beharko litzatekeela iruditzen zait.

Batzuetan ematen du ikasi, ikasi eta ikasi egiten dugula, titulo bat bestearen atzetik lortuz, nolabait gure buruarengan konfiantza gutxi edukiko bagenu bezala, nork bere burua gutxietsiko balu bezela edo. Gure gaitasunetan gehiago sinetsi behar dugula uste dut.

Izan ere, jendearen artean asegabetasun handia ikusten dut. Askotan jendeak espero duena eta lortzean duena, ez datoz bat. Lan-esperientzia, adina, ikasketa-maila, kultura edo prestakuntza bezalako arloak, eduki dezakegun lan-mota zehazten duten faktoreak dira, eta batzutan, pertsona batek duen prestakuntzatik edo esperientziatik beherako enplegu batek nolabaiteko asegabetasuna eragiten diola uste dut.

Ekintzailetza hori ekiditeko bidea izan daitekeela iruditzen zait.

Zer esango zenioke ekin nahi duen horri?

Nik uste, ekiteko bi baldintza edo aukera daudela: oso ondo egiten duzun hori egin edo egiten duzun hori biziki maitatu. Hortik aurrera saiakera egitea besterik ez da geratzen.

Ekin nahi duen horri erreferenteak bilatzeko esango nioke eta begiratzeko eta ikasteko nola egin daitezkeen gauzak. Nere kasuan adibidez, asko balio izan dit beste ekintzaile batzuek egin dutena ikustea eta ikastea. Nik oso gertuko erreferenteak izan ditut, nere kuadrillako hiru lagun ekintzaileak baitira, SALTO Home Personal Training-eko Unai eta Jurgi eta OSCAR STATUS sortu duen Oscar Gonzalez. Ikusi dut gogor egin dutela lan eta oso emaitza onak lortu dituztela. Ondo egonkortutako enpresak sortu dituzte. Asko eskertzen dut eurengatik jaso dudana.

Eskerrik asko Unai zure lanarekin Urola Garaia garatzen laguntzen duzulako.

 

« »