Ekintzailetza. Urola Garaia Sortzen

UNAI JORGE eta
JURGI FERNANDEZ

SALTO

Entrenamendu pertsonala


K O N T A K T U – D A T U A K

Mugitegi Industriagunea C bidea 18, 20700 Urretxu
Telefonoa: 688 60 84 35 | 688 60 85 09
Webgunea:www.saltotraining.es/

Apirilean 4 urte beteko dira Jurgi Fernandezek eta Unai Jorgek SALTO sortu zutela. Entrenamendu pertsonala eskaintzen duen enpresa da SALTO Training, “konturatu ginen zerbitzu kolektibo batek ez ziola norbanakoari laguntzen, gauza bakar batek ez baitizion talde osoari balio. Bakoitzak behar zehatzak zituela uste genuen”. Hala, eta gabezia bazegoela somatuta, hutsunea betetzeko sortu zuten SALTO “modu indibidualean egiten dugu lan, bezero bakoitzaren baldintzak eta helburuak kontutan hartuta banakako programak sortzen ditugu”. Hiru bide jorratzen dituzte: osasuna, errendimendua eta errehabilitazioa. Asko lantzen dute motibazioa eta bezeroek entrenamendu-programa sendo eta iraunkorrak jarraitzea lortzen dute. Entrenamendu pertsonala jarduera fisikoarekiko jarrera aldatzeko eraginkorra dela azpimarratzen dute Unaiek eta Jurgik.


Zergatik eta nola jarri zenuten martxan zuen proiektua?

Bageneramatzan urte batzuk, bakoitzak bere aldetik, heziketa fisikoko profesional gisa zerbitzu arloan lanean. Eta konturatzen ginen zerbitzu kolektibo batek ez ziola norbanakoari laguntzen, gauza bakar batek ez baitzion talde osoari balio. Behar pertsonalak ez ziren betetzen, bakoitzak baldintza, behar eta helburu zehatzak zituelako.

Egoera aztertu, hutsune bat zegoela identifikatu eta gure bideari ekitea erabaki genuen. Jendeari beste zerbitzu bat eskaini behar geniola sentitzen genuen, guretzat hobea zena. Oso gazte ginela ekin genuen baina gauzak argi geneuzkan.

Gure kabuz egin genituen proiektua eta merkatuaren azterketa, eta UGGASAk enpresa berriak sortzen laguntza eskaintzen zuela jakin genuenean, bertara jo genuen. Bideragarritasun plana egiten eta laguntzak kudeatzen lagundu zigun UGGASAko Amaiak. SORTZEN Enpresagunean ezarri genuen kokalekua eta oraindik ere bertan dihardugu.

Hasi ginenean ideia, bezeroaren etxean klaseak ematea zen. Kanpoan badago kultura hori, baina Euskal Herrian ez dago batere hedatuta. Horrela lan egiteak ekonomikoki inbertsio txikia egitea ahalbidetzen zigun gainera, eta halaxe hastea pentsatu genuen. Etxe handietara joateko kanpaina egiten hasi ginen. Ariketak egiteko espazio egokia zerbitzuaren ezaugarri nagusia zen. Ariketak etxe barruan edo kanpoan egin zitezkeela pentsatu genuen.

Baina berehala konturatu ginen eguraldia zela eta, kanpoan entrenatzeko aukera handiegirik ez zela izango eta gainera, osasunagatik edo errendimendua hobetzeko entrenamendu pertsonala etxean egiteko kulturak, hemen ez zeukala onarpen handiegirik.

Etxean entrenamenduak egiteko kanpaina horrek, hala ere, menpekotasuna zuten pertsonengana iristeko balio izan zigun eta oraindik ere zenbait etxeetara joaten jarraitzen dugu.

Gainerakoan, hasierako ideiak bilakaera izan zuen. Garatu egin genuen eta orain gure zentroan egiten dugu lan, batez ere.

Zer eskaintzen du SALTOk?

SALTO Training, entrenamendu pertsonala eskaintzen duen enpresa da. Modu indibidualean egiten dugu lan, bezero bakoitzaren baldintzak eta helburuak kontutan hartuta banakako programak sortzen ditugu. Programa bakoitza bakarra da. Pertsonaren behar zehatzetara egokitzen dena.

Entrenamendu pertsonalaren helburua, profesional kualifikatu baten eskutik ezagutza eta baliabide egokiak bezeroaren eskura jartzea da, ahalik eta denborarik laburrenean eta modurik eraginkor eta seguruenean, emaitza onenak lor ditzan.

Aholkularitza fisikoa modu egokian diseinatu eta jarraitzen bada, pertsonaren egoera fisikoa, bihotz eta arnasketa gaitasuna nahiz osasun egoera orokorra, hobetu egiten direla uste dugu.

Entrenamendu pertsonalaren arrakasta, bezero bakoitzari eskainitako arreta pertsonalizatuak lortutako onura eta gogobetetzearen ondorioa dela iruditzen zaigu.

Zer abantaila du entrenamendu pertsonalak?

Batetik, entrenatzaile pertsonal bat kontratatzen duenak ahalik eta emaitzarik onenak lortuko dituela ziurtatzen du, eta ondorioz, entrenamenduan emandako denbora eraginkorragoa izango da. Helburuak denbora gutxiagoan lor ditzake.

Bestetik, entrenamendu pertsonalak norbanakoaren beharrak eta helburuak kontutan izanda banakako programak osatzen dituenez, ariketak edozein gaitz edo gaixotasunetara egoki daiteke. Gainera entrenatzaileak bezeroaren jarrera eta ariketak egiteko modua zainduko ditu, eta hori, azken batean, ahalik eta modurik seguruenean entrenatzeko bermea da. Lesioak izateko arriskua ere murrizten da.

Azken abantaila gisa, motibazioa aipa genezake. Guk asko lantzen dugu, ezinbestekoa dela iruditzen zaigulako. Izan ere, gimnasioan izena ematen duten pertsonen porrotaren arrazoi nagusietako bat kirola egiteko gogo falta da. Arazo horrek hasiberriei eragiten die, batez ere, eta guk eskaintzen dugun entrenamendu pertsonalaren abantailarik azpimarragarrienetakoa bezeroarengan eragiten dugun motibazio handitzea dela uste dugu. Klasearen dinamismoagatik eta gure bezeroen nortasuna eta interesak ezagutzen ditugulako, motibazioa handiagotu egiten da. Konfiantzazko harremana sortzen da bezeroa eta gure artean.

Desabantailei dagokienez, jendeak desabantaila gisa prezioa har lezakeela uste dugu. Eta egia da, libreki entrenatu baino garestiagoa dela gure zerbitzua kontratatzea. Hala ere, epe luzera inbertsio ona dela deritzogu. Ez baita denborarik galduko baliagarri ez diren ariketetan edo modu desegokian egindakoetan, osasun-arazoak saihestuko dira gainera, eta orohar, emaitza eraginkorragoak lor daitezke.

Nola egiten duzue lan?

Hiru bide jorratzen ditugu: osasuna, errendimendua eta errehabilitazioa.

Osasunaren bidea, pisua galdu, pisua irabazi edo eta amatasunari dagozkion kezka eta ardurak dituztenentzat dago diseinatuta, adibidez. Errendimenduarena, hobekuntzak egin edo oposaketak prestatu nahi dituztenentzat, besteak beste. Eta errehabilitazioaren bidea lesio bat gainditu nahi dutenentzat dago bideratuta, hala nola, lesio kardiobaskularrak, meniskoa, protesiak etab.

Guregana hurbiltzen den pertsonari lehenik eta behin, azterketa fisiko bat egiten diogu. Azterketa horren bidez, entrenamendu-programa bat eratuko dugu, erabat pertsonalizatua, entrenamendua egingo duen pertsonak duen egoeraren arabera egokituko dena. Osasun baldintzak, duen denbora eta lortu nahi dituen helburuak hartuko dira kontutan. Entrenamendu-plana aldatzen joango gara pertsonaren aurrerapenen arabera.

Bestalde, eta lehen aipatu dugun bezela, pisua galtzen, pisua irabazten, muskuluak definitzen eta tonifikatzen, mantentzen edo eta indarra irabazten lagundu ez ezik, errehabilitazioan ere lan handia egiten dugula azpimarratu nahiko genuke.

Entrenamendu pertsonalaren alderdi ezezagunena da agian, baina oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu, oso emaitza eraginkorrak eta onuragarriak lortzen direlako.

Lesioa edo kaltea sortzen denean hiru fase egoten dira. Lehenengo fase batean medikuarengana jotzen dugu, ondoren fisioterapeutarengana eta azkenik errehabilitaziora eta berregokitzera (erreadaptaziora) jotzen dugu. Azken fase honetan sartzen gara gu fisioterapeutarekin elkarlanean.

Adibide bat jartzearren, demagun tendoia apurtzen duzula, ebakuntza egiten dizutela eta errehabilitazioa egiten duzula. Baina hau bukatu egiten da eta zuk lanean jarraitu beharko zenuke. Kasu bat izan genuen errehabilitatzaileak guregana bideratu zuela paziente bat, baina ez da ohikoena izaten.

Guk fase horretan lagun dezakegu fisioterapeutarekin elkarlanean. Eurek guregana bideratzen dute jendea eta alderantziz, lehenengo guregana jotzen duen hori eurengana bideratzen dugu lanean hasi aurretik diagnosia egin diezaioten. Konfiantzazko sarea sortzen saiatzen gara.

Zein da zuen erronka nagusia?

Gure erronka nagusia gure zerbitzua ezagutzera eman eta normalizatzea izango litzateke. Uste dugu gure zerbitzua elitista gisa sailkatuta dagoela, entrenamendu pertsonalaren inguruan egon litezkeen aurreiritzi eta esterotipoak direla eta. Horrekin hautsi nahi dugu.

Zer diozue ekintzailetzari buruz? Zer esango zeniokete ekiteko asmoa duenari?

Gogor lan egin behar duela, bidea ez delako erraza izaten. Indarra eduki behar da eta nork bere buruarengan sinestu behar du. Eta egin nahi den horretan ere sinestu egin behar da, argi eduki eta nork bere erara egin. Ekintzailetza gauzak ezberdin egiteko aukera bat dela uste dugu. Sektorea ezagutu behar da hori bai, aditua eta aritua izan behar da, eta egunero gauza berriak ikasteko jarrera eduki behar da.

Sektoreak ezaugarri zehatz batzuk eskatuko dizkio ekintzaileari, baina batez ere pertsonalitate handia eduki behar dela uste dugu. Lidertza, ordena, konstantzia eta kudeatzen jakitea. Kudeaketa profesionala eta emozioen kudeaketa. Osagai pertsonala garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Nork bere burua ondo ezagutu behar du. Eta gure kasuan bi garenez elkar ezagutzea ere ezinbestekoa da. Baina bi izatea aberasgarria ere bada, beste iritzi bat edukitzeak bide berriak irekitzeko aukera ematen baitu askotan.

Ekitea erronka pertsonala dela uste dugu, nork bere gaitasuna neurtzen baitu etenbage. Ikasketa prozesu bat ere bada, eta zentzu horretan aberasgarria da. Horrela, eta ez bestela (barre egiten dute) aberastu nahi duen horri beraz, aurrera egiteko esango genioke.

Eskerrik asko Unai eta Jurgi zuen lanarekin Urola garaia garatzen laguntzen duzuelako.

 

« »