Xabier
Txurruka
UROLA GARAIKO LANBIDE ESKOLA (UGLE)
UGLEko Irakaskuntza Arautuko zuzendaria
UGLE Urola Garaiko Fundazioaren baitan 1996. urtean sortu zen gizarte-ekimeneko ikastetxea da, derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo hezkuntza eskaintzen duena. Fundazioaren helburua Urola Garaia eskualdeko hezkuntza-beharrei erantzutea da, bai arlo teknikoan, bai gizarte arloan. Azken hamarkadan, gainera, energiaren ikuspegiaren lanketan ere murgilduta dago.
UGLE noiz hasi zen energiaren eraginkortasunarekin eta mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten arloetan lan egiten?
UGLEn duela hamarkada bat aldaketa estrategiko bat behar zuelako testuinguruan energiaren arloari ekitea erabaki genuen eta jada ibilbide bat egina dugu eta egun, horretan darraigu.
Hasiera batean energiaren sorkuntza-instalazioak eraiki eta jartzeari ekin genion: 2006an instalazio fotovoltaikoak (10kW-koak); 2007an kogenerazioa, eguzki-plaka termikoa eta minieolikoa; 2016an gasoil galdara gas kondentsatura bihurtzea, baita kogenerazioarena ere. Aurrerago eraikineko energia-erabileraren efizientzia eta optimizazioa hobetzeko berrikuntzak egin genituen: 2016an eraikineko fatxadan SATEa; berogailua gela bakoitzean inguruko tenperaturaren eta okupazio-mailaren araberako erregulazio-sistema; isolamendu hobeagodun leiho berriak. Neurriokin eskolako energia-kontsumoa %50 murriztea lortu genuen. Paraleloki, prestakuntza ez-formala ere jorratu izan dugu: 2013ra arte eguzki-plaka fotovoltaikoak, termikoak eta eoliko handien arloak; 2013tik aurrera eraikinen eraginkortasun energetikoaren profesionaltasun egiaztagiria.
Beraz, energiaren sorrera eta kudeaketaren arloa sakon landu ondoren, azken urteotan energiaren kontsumoaren alorrera egin dugu salto. Ibilgailu elektriko eta hibridoen mantenuaren gaineko ikastaroaren eskaintzarekin hasi eta egun instalazioak nahiz ezagutzak zabaltzen ari gara hezkuntza-eskaintza are zabalago bat eskaintzeko asmoz: eskolan sortzen den energia biltegiratzeko eta horrekin kotxe elektrikoak kargatu ahal izateko bateria bankua eraiki dugu; matxuratutako ordenagailuen bateriak bizikleta, patinete, motor edo auto elektrikoentzako baterian berrerabiltzeko aukerak ikertzen ari gara; EAE mailako ibilgailu elektriko sorkuntzako eskolarteko lehiaketan parte hartzen dugu; laborategian auto elektrikoak aztertzeko konponketa-zulo eta jasogailua eraikitzen ari gara; eta abar.
Eskualdearen bizi-kalitatea hobe dezaketen zein proiektu azpimarratuko zenituzke?
Horietatik zein proiektutan murgilduta dago une honetan UGLE? Eskualdeko Energia Mahaian parte hartzen dugu eta bertan hartutako erabaki edo ekimenak gauzatzen laguntzen dugu, betiere hezkuntza eta ikerketa aldetik. UGLEren berezko helburua herritarren bizi-kalitatea hobetzea da eta lan munduratze garaian trebatzea ere. Horrela, aurreko galderan aipatutako ekintzak nahiz ekimenen bitartez eskualde-mailan praktikotasunaren eredu eta hezkuntza-baliabide izan nahi dugu.
Zure ustez, zeintzuk dira gure eskualdearen erronkak mugikortasun jasangarriaren arloan?
Ildo honetan, zein ekarpen egin diezaioke UGLEk gure eskualdeari? Energia deszentralizatua sortzea (sormen-guneak eraikitzea) litzateke berezko erronka nagusia, baina egun dugun hiri eredua dela eta, energia era zentralizatuan sortzea errazagoa gertatzen da. Beraz, eskualdeko erronka elektromugikortasunaren banaketan egongo litzatekeela iruditzen zait, alegia, energia-banaketaren azpiegitura-sare zabala eta eraginkorra sortzean. UGLEren kasuan, egun energia kateko kontsumo-etapa lantzen gabiltza, hain zuzen, elektroibilgailuak nola erabili eta kudeatzen erakusten dugu, arlo horretan herritarrengan edo eskualdean gehien eragin dezakegula iruditzen baitzaigu.
2018ko abenduaren 11ko 2018/2011 Zuzentarauak, energia berriztagarrietan jatorria duen energiaren erabilera bultzatzen duenak, herritarren autokontsumorako eskubidea finkatzen du eta “energia berriztagarrien elkargoak” sortzearen garrantzia azpimarratzen du (ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-onurak lortzeko asmoz elkartu egiten diren banakako herritarrez, udalez eta bestelako eragileez osatuta egongo lirateke horiek). Zure ustez, zein da mugikortasun elektrikoaren tokia autokontsumorako eskubidean eta energia berriztagarrien elkargoetan? Eta zer eskaini dezake UGLEk esparru horietan?
Gaur egun argindarraren jatorria fosila da hein handienean, iturri berriztagarrietatik eratorritakoa baxua izanik. Hori dela eta, Espainiako estatuan ibilgailu elektriko baten bitartez 100km egitean 3L erregai fosil kontsumitzen ditugu. Beste herrialde batzuetan, aldiz, hori txikiagoa da (Danimarkan, esaterako, 0,5L da), beraz, horien ereduak jarraitzea ezinbestekoa da eta egun dugun mix energetikoaren gainean hausnartu eta aldaketak egitea. Bide horri jarraiki, eskolan eredu izan nahi dugu eta, jatorri berriztagarriari eta autokontsumoari helduz, ikastetxean bertan sortzen dugun energiaz ibilgailuak hornituko ditugu, bai hezkuntza-baliabide moduan, baita bertako langile zein ikasleentzako erabilgarri jarriko ere.
2050 urtera begira, zer nolako mugikortasun-eredua aurreikusten duzu? Nolakoak izango dira, zure ustez, etorkizuneko joan-etorriak?
Elektromugikortasunak etorkizuna duela ziur nago, zentzu horretan teknologiak asko garatzen eta aurreratzen ari baitira, eta, horrekin batera, kostuak merketuko dira, baita hondakinen kalteberatasuna murriztu eta horien kudeaketa erraztuko ere. Eskualde mailan aldaketa pixkanaka gauzatuko dela iruditzen zait, energia-azpiegitura eraikitzeko eta zabaltzeko baitago, baina baita eskualdean automobil sektore indartsua dagoelako eta arlo elektrikora moldatzeko denbora beharko duelako.