XABIER
ZUBIZARRETA
SMARTLOG
Intralogistika Ingeniaritza Integrala
K O N T A K T U – D A T U A K
Mugitegi Industrialdea B bidea 44 zk, 20700 Urretxu
Telefonoa:943 841 899
Web:www.smartlogservices.com
Xabier Zubizarreta zegamarrak SMARTLOG enpresa sortu zuen bere bazkide Gorka Sudupe urretxuarrarekin batera, 2016eko irailean. Bide berriak jorratzeko griña, hala ere, beti izan du Xabierrek, izan ere, beste enpresa baten sortzaile ere bada, BIOPANTRY. Egun, partaidetza besterik ez dauka bertan, %100 aritzen baita SMARTLOGen. Urretxun finkatutako enpresak, Aholkularitza eta Ingeniaritza Integrala eskeintzen ditu Intralogistika alorrean. Tokiko aberastasuna sortzeko helburuarekin jaio zen SMARTLOG, “enpresa Urola Garaian sortzea erabaki genuen, argi geneukalako gure ingurunearekiko konpromisoan aberastasuna eta enplegua sortzen tokiko garapenean lagundu nahi genuela”. Hala, eta nazioarteko ikuspegia duten arren “SMARTLOG-eko Ingeriaritza Logistikoa (negozioaren ardatza dena) hemen, eta hemen bakarrik”, egotea nahi dutela azpimarratzen du Zubizarretak.
Zergatik erabaki zenuten zuen proiektua sortzea?
Nik 21 urte daramatzat logistika munduan. Gerora Enpresen Administrazioa eta Kudeaketa ikasketak egin nituen arren, formazioz Informatika Ingeniaria naiz eta programatzaile gisa aritu izan naiz urte askoan. ULMA Handling-en eman dut denbora asko. Bertan zuzendaritza taldeko kidea izan nintzen, azken etapa edo fasean Latinoamerikako nazioartekotze-arduraduna nintzen. Gorkak ere ULMA Handling-en egiten zuen lan eta azkeneko urteetan Brasilgo operazio zuzendaria zen. Elkarrekin egiten genuen lan.
Gure lanak, ordea, ez gintuen gogobetetzen. Ez gentozen bat enpresaren kudeaketa ereduarekin. Uste berekoak ginen biak. Gauzak beste modu batera egin zitezkeela iruditzen zitzaigun. Baina behin eta berriz saiatzen ginen arren, ezinezkoa egiten zitzaigun aldaketak egitea.
Azkenean, gauzak gure modura egiteko aukerak aztertuta, gure bideari ekitea erabaki genuen. Horrela sortu genuen SMARTLOG.
Asegabetasunaren ondorioa izan zela esan genezake, hala ere, aitortu beharra daukat, bestela ere, nik beti izan dudala gauza berriak egiteko grina.
Urola Garaian ekitea erabaki zenuten.
Bai, hala da. Ni zegamarra naiz baina Oñatin bizi naiz. Ez genuen gure proiektua Oñatin kokatu nahi, eta Gorka urretxuarra denez hemengo aukerak aztertzen hasi ginen. Argi geneukan tokiko aberastasuna sortu nahi genuela, eta Gorkak Urola Garaian izatea nahi zuen. Hala jo genuen UGGASAra eta bere eskutik SORTZEN Enpresagunera. Bertan sortu genuen SMARTLOG. Egungo gure kokalekua baino lehen, inkubategian izan genuen bulegoa 3 urtez. SMARTLOG Urola Garaiko enpresa bat da, eta mundura zabalduta dagoen arren, enplegua eta aberastasuna sortzen tokiko garapenean eragin nahi dugu. Horregatik, gure enpresako Ingeniaritza arloa (egiten dugunaren ardatza) Urola Garaian, eta Urola Garaian bakarrik, egotea nahiko genuke.
SMARTLOG mundura zabalduta dagoen enpresa da, beraz.
Bai. Nazioarteratzea beti izan da gure helburuetako bat. Argi geneukan gure enpresak globalizazioaren errealitatean parte hartzea ezinbestekoa zela. Garrantzia ematen diogu horri. Merkatu zabalagoa lortzea ahalbidetzen du, ekoizpen-ahalmena handitzea eta baita errentagarritasun handiagoa lortzea ere.
SMARTLOGen merkataritza-jardueraren garapena hainbat eskualde eta herrialdetan banatuta dago eta zerbitzua eskaintzen duen lurraldeetako arreta hobetzeko asmoz, hurbiltasun-zerbitzua izateko aukera ematen duten filialak eta ordezkaritzak ditugu Latinoamerikan.
Zein da SMARTLOGek eskaintzen duen zerbitzua?
SMARTLOGek Aholkularitza eta Ingeniaritza Integrala eskaintzen ditu Intralogistika alorrean (gure lanketaren %99 barruan egiten dena da , biltegietan).
SMARTLOG, gure bezero diren enpresen logistika-sailen hedapena da, hor eskaintzen baitugu gure zerbitzua, eta merkatuko hornitzaile teknologiko onenekin baino ez dugu lan egiten. Alde horretatik, gure apustua oso argia da.
Intralogistika proiektu-mota nahiz rol guztietan gure lan-taldeak duen ezagutzaz eta esperientziaz baliatuta, metodologia propioa sortu dugu. Intralogistikaren alderdi eta prozesu guztiak biltzen ditu eta zerbitzuaren bizitzaren ikuspegi osoa hartzen du. Ziklo osoa betetzen du; diseinua, aholkularitza, inplementazioa eta mantenimendua (salmenta ondorengo zerbitzua).
SmartLOG Services S.L bezela jaio ginen arren, 2018an gure jarduerak eta zerbitzuak sailkatzea erabaki genuen negozio berriak sortuz. Negozio horiekin merkatuari modu espezializatuagoan zerbitzua eskeini ahal izatea izan zen gure helburua.
Hala, bi unitate sortu genituen: batetik, SMARTLOG Intralogistics (SLI), Intralogistika Ingeniaritza Aholkularitza eskaintzeko eta sistema automatizatuen beharrei erantzuna emateko; eta bestetik, SmartLAN Assenbly (SLAN), ekipamendu logistikoak sortzeko eta eskaerei irtenbidea emateko. SLIk proiektu maila garatzen du eta SLANek zerbitzua eskaintzen dio SLIri eta gure bezeroak diren gainontzeko enpresei. Zerbitzu mailan lan egiteak beharrak identifikatzeko gaitasuna eman digu.
Bi negozio hauez gain, eta lehen aipatu bezela SMARTLOGen jarduera hainbat herrialdetan banatuta dagoenez, bi filial ditugu Latinoamerikan. SL PANAMAk Ertamerika eta Karibeko herrialdeei ematen die zerbitzua eta SL URUGUAYek hegoaldeko lurraldeei eskaintzen die behar duten euskarria.
Banatzaileak ere baditugu Costa Rican eta Colombian, besteak beste.
Zein da SMARTLOGen balio erantsia?
Gure balio nagusia prozesuetan oinarritutako kudeaketa eredu bat jarraitzeko gaitasuna da. 21 langile gara dagoeneko eta prozesuak zorrotz mantendu ditugu beti. Metodologia eta teknika eraginkorrak erabiltzeak etengabeko hobekuntza, hazkundea eta garapena ahalbidetu digu. Gure ereduaren helburua etengabeko hobekuntza sustatzea da.
Bikaintasunaren oinarrizko printzipioak betetzen direla ziurtatzen dugu eta kalitatezko zerbitzua eskaintzen dugu. Baina lehiakorragoak bihurtu gara eta emaitza hobeak lortu ditugu, gure zerbitzua kostu txikiagoan eskaintzea lortu dugu.
Zein da ekintzaile bezala egiten duzuen balantzea?
Oso pozik gaude. Gogor egin dugu lan baina emaitza onak lortzen ari gara. SMARTLOGen ibilbidea oparoa izaten ari da. Urtez urte erronka berriak ezartzen ditugu eta bide onetik, aurrera goaz. 21 langile gara dagoeneko eta hazten ari gara.
Ekiteko erabakia hartzea ez zen erraza izan, baina merezi izan du.
Zure ustez ekitea ez da erraza, hortaz.
Ekintzailetza mota eta mailaren baitan dagoela esango nuke. Baita pertsonaren baitan ere. Ekintzaile izatea jarrera bat dela uste dut, balore batzuetan oinarritzen dena. Faktore askoren baturaren emaitza da ekitea. Egoera pertsonala, adina, arriskuak zure gain hartzeko gaitasuna…
Jokoan asko dagoenenan ez da batere erraza. Arriskua handia da eta beldurra ere bai. Gainera inguruak ez du asko laguntzen, “erotuta hago”, “zertara hoa”, “seguro al hago” askotan entzun izan dut.
Nere kasuan zaila izan zen. Ardura handia da. Nik enpresa handi bateko postu on bati egin nion uko. Horrek dakarrenarekin. Amildegi baten ertzean sentitu nintzen. Zerbait sortzera gindoazen, eta sortuko genuen hori sostengatu egin behar genuen. Gure kargu egongo ziren langileen ardura ere gureganatuko baikenuen.
Ekitea, nere ustez, ez dago edozeinen esku, baina esan dudan bezela ze mailatan egiten den araberakoa da hori.
Gainera, ezin da edozein modutan ekin. Ekintzaile batek bere buruan sinetsi behar du eta ekiteko merkatua badagoela ziurtatu behar du ezinbestean. Ekintzaile bakoitzak bere sektorea menperatu egin behar du. Kontrolatzea baino gehiago da hori. Eta horretarako beharrezkoa da ezagutza eta esperientzia edukitzea.
Egun, mikroekintzailetza da garatuen dagoen ekintzailetza mota, eta arrisku gutxiago eduki ditzakeela eman dezake. Hala ere, beharraren ondorioz sortzen den mikroekintzailetza, kontu handiz hartu behar dela uste dut, askotan enpresa handien azpikontrata merkea bihur daitekeelako.
Kasu askotan, ordea, mikroekintzailetza onuragarria ere izan daitekeela uste dut, lehenengo sektorean, adibidez.
Urola Garaian ekintzailetza bultzatu behar dela uste duzu?
Bai, uste dut bultzatu eta lagundu egin behar dela. Ekintzailetza bultzatzea interesgarria da zentzu askotan. Batetik, ekintzaileari laguntzea, babesa ematea, garrantzitsua delako; eta bestetik, bailararentzako ere ezinbestekoa delako. Urola Garaian enpresa indartsu batzuk desagertzen joan direla ikusita beharrezkoa da, orohar, ekintzailetza bultzatzea.
Baina ekintzailetza mota zehatz bati garrantzia handiagoa eman behar zaiola uste dut. Aukera berriak sortuko dituzten negozioak identifikatu beharko lirateke eta sektore eta eremu berriak bilatu. Eskualde hau burdinaren industriari lotuta egon izan da beti, eta ez da ohikoa izan beste enpresa mota batzuren jarduna, hala nola, Ingeniaritza edo Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza ekintzak garatzen dituztenenak, alegia.
Bultzatu beharreko ekimen hauen bisioa ere aldatu egin behar dela uste dut, mentalitate aldaketa bat egon behar dela. Gaur egun, garraiobideei nahiz komunikabideei esker, mundua ez da lokalki mugitzen. Ikuspuntu lokal batetik ikuspuntu global batera pasatzea beharrezkoa dela iruditzen zait. Etorkizunean merkatua mundu osoa izango delako produktu eta zerbitzu askorentzat.
Halako ekintzailetza bat bultzatzea Urola Garaiarentzat oso onuragaria dela esango nuke, beste eskualde batzuengandik bereizteko aukera emango lioke eta.
Eskerrik asko Xabier zuen lanarekin Urola Garaia garatzen laguntzen duzuelako.